NAIZ

Julen Martinez de Estibariz eta Ainara Arkarazo nagusitu dira Hiru Haundiak lasterketan

Julen Martinez de Estibariz, gizonezkoetan, eta Ainara Arkarazo, emakumezkoetan, gailendu dira Hiru Haundiak mendi-lasterketan. Gainera, Martinez de Estibarizek garaipena lortu du hirugarren aldiz jarraian.

Korrikalariak larunbat gauerdian atera diren unean.
Korrikalariak larunbat gauerdian atera diren unean. (Hiru Haundiak)

2025eko Hiru Haundiak mendi-lasterketak baditu txapeldunak. Gizonezkoetan, Julen Martinez de Estibarizek irabazi du, eta hiru atzamarrak erakutsiz heldu da helmugara. Izan ere, hirugarren aldiz jarraian gailendu da. Emakumezkoetan, Ainara Arkarazo nagusitu da, eta irribarre handiz eta hunkituta iritsi da helmugara abadiñotarra.

Iraupen handiko mendi lasterketen artean aitzindaria da Hiru Haundiak mendi lasterketa. Ibilbideak euskal mendietako gailurrik adierazgarrienetako hiru batzen ditu: Gorbeia, Anboto eta Aizkorri. Gainera, Hiru gailur enblematikoak lotzeaz gain, lasterketak 10.200 metroko desnibela du eta guztira 101 kilometroko ibilbidea.

Martinez de Estibarizek azken edizioko puntuazioa hobetu du. Hain zuzen, Araia eta Murgiako ibilbidea egin du 10 ordu, 28 minutu eta 38 segundutan. «Prestatu dudan plana lasterketa egiteko, gai izan naiz aurrera eramateko eta oso pozik nago», adierazi du korrikalariak helmugara iritsi ostean egindako adierazpenetan. Bigarren postuan Jokin Garcia heldu da (11:05:38) eta hirugarrenean Andoni Azkarate, bi minutu beranduago.

Julen Martinez de Estibariz, helmugan

Bestetik, Ainara Arkazo izan da txapelduna emakumezkoen artean. Oso hunkituta azaldu da Arkarazo garaipenarekin: «Oso harro eta oso emozionatuta nago, hiru tontorrak egitea eta irabaztea oso berezia da». Honako hauek osatu dute podioa: Ainara Arkarazo Legarreta (Abadiño) 12:48:33; Maria Ricondo Fernandez (Ramales de la Victoria, Kantabria) 13:46:21 eta Izaskun Sanz Elduayen (Getze, Nafarroa) 13:47:18.

Ainara Arkazo helmugara iritsi den unean

Larunbat honetako 00.00etan hasi zen lasterketa. Gauzak horrela, larunbateko 15.00ak aldera, 66 korrikalari izan dira helmugara iritsi direnak, gainontzekoek gauerdira arte daukate helmugara heltzeko epea. Dena den, Hiru Haundiko antolakuntzatik jakinarazi dutenez, atzoko irteeran, korrikalarien %14 ez ziren agertu arazo pertsonalengatik edo min hartuta argudiatuta.