Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

‘Decorado’ eta ‘Good boy’: animalien begietatik

Itxuraz oso desberdinak izan arren, Alberto Vazquez zinegilearen ‘Decorado’ eta Ben Leonberg-en ‘Good boy’ filmek hari komun bat partekatzen dute: animalien begien bidez gizakiaren problematikak islatzen dituzte. Biak Sitgeseko Sail Ofizialean aurkeztu dira. 

Alberto Vazquez zinegilearen ‘Decorado’ filmaren fotograma.
Alberto Vazquez zinegilearen ‘Decorado’ filmaren fotograma. (NAIZ)

‘Psiconautas’ (2015) eta ‘Unicorn Wars’ (2022) zuzendu ondoren bere hirugarren film luzea aurkeztu du Alberto Vazquezek: ‘Decorado’. Aurrekoetan bezala, helduentzako animazioaren baliabideak erabiliz hausnarketa sozial, politiko eta psikologiko sakonak jarri ditu mahai gainean. Aurten Sitgeseko Sail Ofizialera iritsi den hirugarren euskal ekoizpena da. Abano Productions eta Glow-rekin batera Uniko ekoiztetxe bilbotarra dago lanaren atzean.

Arnold izeneko adin ertaineko sagu baten istorioa azaltzen du; krisi existentzial betean harrapatuta dago. Bikotekidearekin duen harremana gainbehera doa, bere bizitza zentzugabea iruditzen zaio, eta fartsa handi baten erdian bizi denaren susmoa dauka. Paranoia huts gisa hasten dena ihesaldi desesperatu bihurtzen da, askatasunaren –edo horren antzeko zerbaiten– bila abiatzen den ihesaldi bat.

Premisa horretatik tiraz, Donald ahatea, Mickey Mouse, ‘The Truman Show’ filma eta ‘The Prisoner’ telesailaren arteko nahasketa zoroa proposatzen du Vazquezek; dena, hori bai, bere iragazki pertsonal eta bereziaren bidez. Umore beltza, gizarte kritika gordina eta sarkasmoa ez dira faltako.

‘Decorado’ izen bereko film laburrean oinarritzen da, eta mundu horri berriro heldu eta film luze formatura eramatearen zergatiari buruz zuzendariak honakoa azaldu du: «Hainbat arrazoirengatik. Lehenik eta behin, film labur bat egitea bi urteko prozesu bat delako, non mini unibertso gisa eraiki behar duzun, pertsonaien eta munduen kosmologia oso batekin. Lan gogorra da eta azkenean beti geratzen naiz film laburra motz geratzen zaidalako sentsazioarekin eta trama eta pertsonaia horiek zabaltzeko gogoa ematen dit. Kasu honetan sentipen hori oso indartsua izan zen, maila guztietan ondo atera zen proiektua zelako, bai artistikoki, bai aintzatespenen aldetik ere».

Joseba Beristain

Soinu bandaren alorrean izen bat nabarmendu behar da: ‘Unicor Wars’ filmeko musika konposatu ostean, Joseba Beristain azkoitiarrak film berri honen piezak ere sortu ditu. Vazquezek aipatu du: «Oso interesgarria da film honen soinu bandari erreparatzea, Josebak lan ederra egin duelako. Animaziozko film batean musika ezinbesteko pieza da: soinua, foley-a eta abar. Gauzak beste maila batera eramaten dituen adarra da. Berarekin lan egiten dudanean, animatica izeneko zerbait daukagu; bideora eramaten dugun storyboard moduko bat da, eta bertan audioa jartzen da. Hasieran, inspirazio iturri moduan, nik tema batzuk jartzen ditut, apur bat guztia irudikatzeko. Josebak playlist osoa hartzen du, barneratu egiten du, eta bere bertsio propioa egiten du, bere zigilu pertsonala. Musika klasiko garaikidea, elektronikoa, paisajismoa, ambient-a, eta, bestetik, biolontxeloa edo pianoa bezalako instrumentu klasikoen esentzia daude. Modernitatearen eta klasizismoaren arteko nahasketa nahi genuen, filmari ezin hobeto doakiona».

Indy txakurra eta ‘Good boy’

Jaialdiko beste protagonistetako bat lau hankako izaki maitagarri bat da: Indy. Bere begiek leialtasunaren distira dute, eta bere presentziak samurtasuna dario, baina ‘Good Boy’ filmean gertatzen zaiona ez da horren goxoa.

‘Good boy’ filmaren fotograma.

Naturaz gaindiko elementuak dituen beldurrezko proposamen berritzaile hau Ben Leonberg zuzendari hasiberriak sinatu du. Indy txakurraren istorioa kontatzen du: Todd jabearekin landetxe batera bizitzera joango  da, eta hark bakarrik hauteman ditzakeen indar ikusezinei egin beharko die aurre. Film osoa txakurraren ikuspuntutik kontatua dago.

Zuzendariak azaldu duenez, pelikularen sorkuntza prozesua aurrekaririk gabeko erronka izan da, eta metodologia berritzaile bat erabili dute txakurrarekin lan egiteko: «400 egun baino gehiagoz filmatu genuen, hiru urteren buruan. Ez zen ekoizpen konbentzionala izan; beharrek eta diseinuak baldintzatutako proiektua izan zen. Indy gure maskota da, eta, beraz, muga horiek kontuan hartuko zituen zinema egiteko modu bat asmatu behar izan genuen. Bere erritmora egokitu genuen guztia».

Leonbergek argitu du txakurrak protagonista dituzten film gehienek hainbat bikoitz edo ordezko erabiltzen dituztela filmaketa luzeak egiteko: «Normalean, txakur nagusiaren bi, hiru edo lau bikoitz behar izaten dituzte, 12 orduko filmaketa egunari aurre egiteko. Guk, ordea, Indyrekin bakarrik egin dugu lan».

Filmak dituen ezaugarri deigarri horiez gain, ordea, filma errepikakor samarra da. Egin duten sormen lana txalogarria da, eta lehen minutuetan narratiba nahiko berria eta freskoa diru, baina etxe sorginduei buruzko kontakizunetan ehunka aldiz ikusitako egoerak behin eta berriz pilatzen dira narrazioan zehar. Bisualki bikaina da: itzal, kontraste eta siluetekin joko interesgarria sortzen du eta oso lan inmersiboa da.

Baina bereziki soinuaren erabilerak bihurtzen du esperientzia efektista: pantailan ia ezer gertatzen ari ez den uneetan, zaratak, labankaden modura sartzen dira eta jump scare-ak, ordea, gogaikarri samarrak dira. Filma motza izan arren (77 minutu), gehiegi luzatu duten film labur baten arima du.

Gorabeherak ditu, baina oso lan gomendagarria da.