
Hamar urte eman ditu Ane Etxezarretak Realan baina Eibarko jokalaria da egun. Eta ez nolanahikoa: titularra izan da bere talde berriak orain arte jokatu dituen partida guztietan. Eragozpenik ez badago, hamaikakoan zelairatuko da igande honetan ere, denboraldiko lehen derbia jokatzeko; Eibarrek eta Realak Ipuruan jokatuko dutena, alegia.
Partida «berezia», dudarik ez, lehenengoa ez bada ere, udan «bi aldiz jokatzeko aukera izan baitut. Ohitu naiz pixka bat –esan du beasaindarrak, irribarretsu–. Eta eskerrak. Orain hiru puntuak jokoan egongo dira eta ezberdina izango da, baina eskertzen dut aurretik jokatu izana. Saiatzen naiz asko ez pentsatzen, batez ere puntuak daudelako jokoan eta horixe delako gure helburua. Partida hasten den unetik horretan egongo naiz eta gero, beharbada, joango gara zer edo zer hartzera. Baina bitartean, lagunik ez dago».
Etxezarretaren esanetan, motibazioa ez dagokio bakarrik berari. «Talde bezala ere oso motibatuta gaude. Tenerifen hiru puntuak eskuratzetik gatoz, sentsazio onekin amaitu genuen, Bartzelonaren kontra bezala, nahiz eta partida hori galdu genuen... Ilusioa daukagu eta kontutan hartuta derbia jokatu eta Liga etentzen dela, azken ahalegin bat egiteko idea hori daukagu, denboraldiaren lehen txanpa ondo amaitzeko».
Aukari handia da igandekoa, baina atzelaria baikor da, Eibarrek daraman bideari jarraituz. «Ia zerotik hasitako taldea gara –gogoratu du–. Gauza eta kontzeptu asko landu behar izan dira eta jarraitzen dugu lan horrekin. Horrek denbora ematen du. Baina pixkanaka, astero gauzak hobeto egiten ari gara eta gauza berri horiek ateratzen doaz».
Igandean Tenerifen eskainitako irudia eta lortutako garaipena horren islada dira, eta orain Etxezarretak jarraipena eman nahi die Realaren aurka, bide batez etxean lehen garaipena eskuratuz, aurreko biak Ipuruatik kanpo ospatu baitituzte armaginek. Partida biek antzekotasunak izan ditzaketelakoan dago, «Realak eta Tenerifek baloia nahi izaten dutelako», baina talde hobetzat hartzen du donostiarra.
«Tenerifek, proposatu behar duenean, askotan estankatu edo egiten da. Realak, ordea, esango nuke urte askotako lanagatik proposatzeko kapazitate gehiago daukala», esan du. Ez du, beraz, ustekabean harrapatzen talde-ohia sailkapeneko goiko postuetan ikusteak. «Niretzat ez da ustekabea. Urtero ahalik eta goren egotea dute helburu, eta uste dut talde oso konpletoa egin dutela. Puntu asko galdu beharko ez lituzkeen taldea da. Goian ibiliko den taldea da, oso konpletoa, irabazteko oso zaila».
Atzelariak, hala ere, ez du gakoa aurkarian jartzen, Eibarren beran baizik, aurreko igandean gertatu zen bezala. «Egia da Tenerifek baloia eduki zuela, aukera gehiago ere eta lehen begiratuan hobeto egon omen zela, baina gu defentsiboki oso ondo aritu ginen eta gure lana oso ondo egin genuen. Eta helburua orain hori da ere. Aurkariak ez digu asko axola behar, guk egin behar duguna baizik. Gure ardura bakarra, guk benetan nahi duguna da tokatzen zaiguna ahalik eta hoberen egitea da; gurea egitean zentratu behar gara».
_copia.jpg)
Irauli ekimena: Euskal Herriko familia euskaldunen korapiloak askatzeko topagune berria
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

Mueren tres esquiadores, uno vasco, por un alud junto a los ibones de Brazato (Panticosa)


