Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Hezkuntzan «jarraipen zabala» izan du Palestinaren aldeko egun osoko lanuzteak

Hezkuntza publikoan %60ko jarraipena izan du egun osoko lanuzteak, haur eskoletan %85ekoa eta ikastoletan %80koa. Balorazio positiboa egin dute egun osoko lanuztera deitu zuten LAB eta Steilas sindikatuek. Mobilizazioak indartzea eta hezkuntzako langile guztiek lanuzterako aukera izatea ziren xedea.

Hezkuntzako egun osoko lan uzteak jarraipen zabala izan du.
Hezkuntzako egun osoko lan uzteak jarraipen zabala izan du. (Jon Urbe | FOKU)

‘Langileok Palestinarekin’ lelopean lan uzteak egin dira asteazken honetan Hego Euskal Herrian, berezitasun handiena Hezkuntzan izan da, egun osoko lan uztea proposatu baitzuten LAB eta Steilas sindikatuek. Eragin handia izan du ikastetxeetan, eta balorazio positiboa egin dute sindikatuek, «jarraipen zabala» izan dutela adierazita. Zehazki, hezkuntza publikoan %60ko jarraipena izan du, haur eskoletan %85ekoa eta ikastoletan %80koa. Euskal Herriko Unibertsitatean ere egun osoko lanuztea zen deitua, eta goizetik fakultateak itxita egon dira.

Goizean goizetik ez zen mugimendurik ikastetxe inguruetan, hainbat kide eskuorriak banatzen, sarreretan «Palestinarekin elkartasuna» eta antzeko aldarriak. Ikamak, piketeak, bide-mozketak eta bestelako ekimenak egin ditu egunaren hasieratik. «Gure egitekoa da konplize diren nazio mailako zein nazioarteko erakunde, enpresa eta instituzioak seinalatu eta presionatzea», azaldu dute.

LABeko Hezkuntzako arduraduna den Aritz Villarrek NAIZi adierazi dio egun osoko lanuzteak egitearen erabakia hezkuntzak dituen «berezitasunak» tarteko izan dela, «nahiz eta askotan hezkuntzari erreferentzia egiterakoan irakasleak datozkigun burura, badira kolektibo asko, jangeletako begiraleak, garraioko begiraleak, sukalde eta garbiketakoak, Haur Hezkuntzako hezitzaileak edota Heziketa Berezikoak, eta horri guztiari erantzun nahi izan diogu». Izan ere, ordu batzuetako lan uzteak egiteko aukerarik ez zuten izango langile horiek. Haizea Arbide Steilaseko eleduna bat agertu da, bi sindikatuek elkarrekin deitu baitute egun osoko lan uztea, eta gaineratu du «eguerdiko mobilizazioak indartzea» izan dela egun osoko lanuztearen helburua. 

Lakuako Hezkuntza Sailak, bere ikuskaritza-zerbitzuen bidez, greba deialdiak izandako jarraipenaren datuak plazaratu ditu ikastetxeen %85aren datuak bilduta. Jakinarazi duenez, Palestinako herriaren egoera salatzeko ekimenekin bat egin dute irakasleen %42a, hekuntzako langileek %45ak, sukaldeko langileen %32ak eta garbiketako %12ak.

Ikasleek zutabe propioak egin dituzte hiriburuetako mobilizazioekin bat egiteko, eta ‘Ikasleak Palestinarekin’ oihuek berebiziko protagonismoa hartu dute mobilizazio buruetan.

Bestalde, goizean, Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren aurrean Irakasleok Palestinarekin taldeak, «ekimen informatibo baketsua» egin du, beltzez jantzita eta haur palestinarrak irudikatzen zuten panpinak lurrean utzita. Nafarroako Gobernuak HP eta Google enpresei egiten dizkien erosketak eteteko eskatu du: «Irakasleok Palestinarekin taldeak Hezkuntza Departamentuari eskatzen dio bertan behera uzteko HP eta Googleri egiten dizkion erosketak, genozidioan zuzenean parte hartzen duten enpresak baitira, Israelgo estatuaren suntsipen eta heriotza makineria gidatzeko beharrezkoak diren baliabide informatikoak jartzen dituztelako».

Ikastetxe guztietan eragina izan duela kontatu du Arbidek, jarraipena «oso oso zabala» izan dela, eta hezkuntzak duen papera nabarmendu du: «Munduan gertatzen denarekin eta genozidio honen aurrean ezin dugu beste alde batera begiratu, horrek konplize bihurtzen gaitu eta uste dugu ikastetxeetan oso garrantzitsua dela giza eskubideen alde borrokatzea, eta horiek lantzea». 

Hezkuntza, gaia lantzeko eremua

Sindikatuek azaldutakoaren arabera, hezkuntzan ikasturtea hasi zenetik landu dute gaia, eskuorri banaketak eginez, irakurketak, muralak, familiekin zein ikasleekin asanbladak… Villarrek azaldu du ‘Gure haurrak ere badira’ dinamikak bultzada handia eman diola, eta azken bi urteetan ekimen horrekin batera aktibatu dela hezkuntza komunitatea.

Egindako jarraipenarekin «pozik eta hunkituta» daude Arbide zein Villar eta etorkizunean ere hezkuntzaren alorrean zein beste eremu guztietan lanean jarraitu beharra azpimarratzen dute. LABek, «erabateko errespetuz» hartzen du su-etenaren erabakia, baita «palestinar herria ordezkatzen duten eragileek unean une hartzen dituzten erabakiak». Aldi berean, bi ideia nabarmendu ditu elkartasun internazionalista oinarri hartuta: «Su-etenak sufrimendua arintzen du, baina lan uzte hauen helburua bada presioa egiten jarraitzea Israelek hainbat akordio ez dituelako bete, presioa egiten jarraitu behar da bete ditzan eta behar diren baliabideak bideratzeko. Bigarrenik, hamarkada luzez pairatzen egon da kolonizazio eta genozidioa Palestina. Hori behin betiko amaitzeko eskatzen dugu, autodeterminazio eskubidea egikaritu dadila».

Steilasek bat egiten du presioa egiten jarraitu beharrarekin: «Mobilizazio hauekin presioa egiten jarraitzen dugu, genozidio hau ez delako bukatu eta irudikatzen ari diren bake hori oraindik ez dagoelako, eta eman beharreko pausoak dira».