
Gipuzkoako Foru Aldundiak hamahiru Enplegu Publikoko Eskaintza abiatuko ditu. Guztira 113 lanpostu argitaratuko ditu urte amaierara arte. Hala jakinarazi du asteazken honetan Irune Berasaluze foru bozeramaileak, Diputatuen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Bertan esan duenez, foru erakundearen azken lan deialdien aurkako «epaiek behartuta» eta bide judizialaren aukera «agortuta», Legebiltzarrean aztergai dituzten balizko lege aldaketen zain, «behin-behineko neurri» gisa bere deialdiak egokituko ditu Aldundiak, zenbait hizkuntza-eskakizunen derrigortasuna atzeratuta. Erabaki bera hartu zuen iragan martxoan Bizkaiko Foru Aldundiak.
«Gipuzkoako Aldundiak eta foru langileek ibilbide eredugarria egin dute azken 40 urteotan, kasik langile elebidunik ez zegoen Administrazioa izatetik, ia langile guztiek bi hizkuntzetako edozeinetan lan egiteko gai izatera arte», gogorarazi du Berasaluzek. Nabarmendu duenez, «urte askotako ahalegina eta langileen konpromisoa» dago horren oinarrian. «Ez dugu atzera urratsik egingo euskararen aldeko lanean. Irmo eutsiko diogu norabideari eta helburuari: Administrazio elebiduna izatea, lan hizkuntza nagusia euskara duena», berretsi du foru bozeramaileak.
Baina gogorarazi du, aldi berean, «erantzukizunez heldu» behar zaiola Aldundiaren deialdietan ezarritako hizkuntza-eskakizunen aurka Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiek sortutako egoera «korapilatsuari». Izan ere, epai horiek Aldundiaren funtzionamendurako, legea betetzeko eta plantilla berritu eta egonkortzeko ezinbestekoak diren deialdi publikoak geldiarazi, eta «blokeoa» eragin dute foru erakundean.
Babes juridikoaren zain
Testuinguru horretan, 2025eko enplegu-publikoko deialdiei begira, Aldundiak atzeratu egingo du zenbait lanposturen hizkuntza-eskakizunaren derrigortasuna. «Egokitzapen hau epaiek behartuta eta aldi baterako egingo du Aldundiak, deialdiei segurtasun juridikoa emate aldera», Berasaluzek zehaztu duenez.
Azaldu duenez, «erakundearen funtzionamenduari» dagokionez, foru administrazioa ezin da «geldirik» geratu. «Legez behartuak gaude bitartekotasuna jaistera, ezin dugu langile horien egoera hiru urtez baino gehiago luzatu», azaldu du. Horregatik, «arduraz jokatzea ezinbestekoa» da. Bien bitartean, begirada Gasteizko Legebiltzarrean landuko den Enplegu Publikoaren Legearen erreforman dago jarria. «Behar den babes juridikoaren zain gaude; ezinbestekoa baita segurtasun juridikoa aurrera bermeekin egin ahal izateko».
Bozeramaileak gogorarazi du ezinbestekoa dela «euskara epaitegietatik ateratzea. Aldundiak ez du euskara auzitegietara eraman, ezta euskararen aldeko akordio zabala hautsi ere. Eztabaida ez da kokatzen hizkuntza-eskubideak eta lan-eskubideak elkarri kontrajarriz. Debate hori nahita da nahasgarria. Aldundiak herritarren eskubidea defendatzen du, administrazioarekin euskaraz harremantzeko aukera bermatuz; Gipuzkoak urteetan egin duen euskalduntze ahalegina defendatzen dugu eta baita langileen eskubidea ere, askok eta askok ahalegin handia egin baitute euskara ikasi eta lanean erabiltzeko. Gaur egun Aldundiaren lan hizkuntza euskara da», argitu du.
Arnasgune bilakatzeko urrats berritzailea
Horregatik guztiagatik, argi utzi du ez dutela atzerapausorik emango. «Euskara gure herriaren berezko hizkuntza da eta errespetua merezi du. Errespetua merezi dute, baita ere, egunero-egunero euskara ikasteko ahalegina egiten duten herritarrek, nahiz euskaraz lan egiteko hautua egiten duten langileek», azpimarratu du. Horregatik, nagusiki euskaraz lan egingo duen Administrazioa lortzeko helburuan sakonduko du datozen hilabeteetan Foru Aldundiak. Horretarako, bide «berritzailea» jorratuko duela esan du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak foru departamendu guztietan abiarazi ditu Euskara Kudeaketa Planak. Hizkuntza indarberritzeko jauzi estrategiko gisa, hamar departamendu-plan aitzindari horien bitartez herritarrei harrera euren hizkuntzan eskaintzea bermatzeaz gain, erakundearen lan hizkuntza nagusia euskara izatea lortu nahi dute.
«Aldundiaren jarduera euskaratik eta euskaraz izatea ahalbidetzea» da asmoa, Berasaluzek azaldu duenez. Helburua da 2025-2026 ikasturtean zerbitzuen laurdena euskarazko administrazio zerbitzu izendatzea, hau da, beren eginkizunak nagusiki euskaraz egingo dituzten unitateak izan daitezela. «Legealdi amaierarako, berriz, zerbitzuen erdiak antzeko bidea egitea aurreikusten da», diputatuak iragarri duenez.
Ekimen horrekin, euskararen biziberritzean aurrera egiteko urrats berriak ematen jarraitzeko konpromisoa hartu du foru erakundeak. «Gipuzkoak, lurralde gisa, eta Aldundiak, lurraldeko erakunde nagusi moduan, aitzindari izateko baldintzak eta betebeharra ditu», Berasaluzeren esanetan.
Baldintza egokiak zerbitzu gehienetan
Euskarazko administrazio ataletan oinarrituko da planen hedapena. Beren eginkizunak nagusiki euskaraz beteko dituzten administrazio unitateak dira atal horiek. Hala izendatuak izateko, besteak beste, zerbitzuko langile guztiek euskaraz ulertu behar dute eta gutxienez langileen %85ek bete behar dute lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizuna.
Gipuzkoako Foru Aldundian 84 zerbitzu daude eta horietatik 61ek (%73) bete ditzakete baldintza horiek. Atal guztietan, herritarren harrera euskaraz eta espainolez era egokian ematen dela bermatzeaz harago, lan hizkuntza nagusia euskara izango da. Era berean, bileren hizkuntza nagusia euskara izango da eta Aldundiko gainontzeko zerbitzuetara doan dokumentazioa euskaraz sortu eta bidaliko da.
EH Bilduk babes juridikoa eskatu du
EH Bilduren iritziz, LEPean euskara eskakizunaren derrigortasuna atzeratu izanak erakusten du «berandu baino lehen hizkuntza eskakizunen babes juridikoa bermatu beharra dagoela, eta horretarako bide eman behar zaiola EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean Enplegu Publikorako Legea aldatzeko egindako proposamenari, hizkuntza eskakizunen segurtasun juridikoa bermatuta egon dadin».
Ohar batean nabarmendu duenez, hizkuntza eskakizunen aurkako oldarraldi juridikoak, «euskararen aurrerabidea ez ezik, erakundeen jarduna bera ere blokeatuta dauka erabat». Horregatik, eskua luzatu die «neurriko proposamenekin lan egin nahi duten gainontzeko erakundeei, tartean Gipuzkoako Foru Aldundiari berari ere». EH Bildu uste du «ordua iritsi dela egoerari elkarrekin erantzuteko, eta formula posibleak elkarlanean ehuntzeko».

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

Zestoa: El fiscal admite la sombra de violencia machista pero mantiene la petición de multas

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek




