NAIZ

Peio Etxeberria kexu azaldu da «pilota baxuegiak» daudelako eta Altuna, berriz, osatuta dago

Igandeko Lau eta Erdiko finalerdiari begira, «galduz gero» abduktorea ez dela «aitzakia izango» onartu du Altunak, joan zen astean final-laurdenetako ligaxkako azken neurketa jokatu ezinik laga eta gero. Etxeberriaren ustez, material baxuagoarekin, «gaitasun fisikoak» garrantzia berezia hartuko du.

Aurpegi serioa Peio Etxeberriak, aukeraketan material «motelegia» aurkitu ostean. Jokin Altuna, berriz, osatuta.
Aurpegi serioa Peio Etxeberriak, aukeraketan material «motelegia» aurkitu ostean. Jokin Altuna, berriz, osatuta. (Gorka RUBIO | FOKU)

Pilota aukeraketa egin dute ostegun honetan Jokin Altunak eta Peio Etxeberriak Atano III.a pilotalekuan. Albiste ona igandeko Lau eta Erdiko Txapelketako igandeko finalerdiari begira, horrek esan nahi baitu Jokin Altunak abduktoreetan izandako lesioa atzean utzi ahal izan duela.

«Fisioak berak gomendatu zidan final-laurdenetako azken partida ez jokatzeko. Ondorioz, pasa den astean ez dut gauza handirik egin fisiko aldetik, eskuak berotzeko frontoira etortzea ez bada. Aste honetan Ander Muruaren aurka –asteartean– partidatxo bat jokatu dut Atano III.ean bertan eta ondo aurkitu naiz. Beraz, deskuiduan partida galduko banu, nire ahotik ez da lesioagatik inolako kexarik aterako», azaldu du Amezketako aurrelariak.

Dena ez da, ordea, arrosa kolorekoa izan, Peio Etxeberriak kopeta majo zimurtu baitu otarrean aurkitu duen materialarekin. Zenotzeko aurrelariaren ustez, «material baxuegia» jarri dute aukeran, «Lau eta Erdiko honetan orain arte ikusi dudan baxuena».

«Jokinek –Altunak– aukeratu dituen pilota biak onak ziren, baina niretzat aukeratzeko geratu diren sei pilotetatik bost oso baxuak ziren, baxuegiak. Bat behintzat jokatzeko modukoa zen eta tira, baina bestea, hala hautatu behar nuelako apartatu dut», kexatu da aurrelari nafarra.

Baldintza ezberdinak

Zentzu horretan, Etxeberriaren ustez «alor fisikoak» garrantzi handiagoa hartuko omen du igandeko finalerdian. «Lan handiagoa egion beharko dugu pilota horren baxuak izanda. Beraz, partida luzatu daiteke eta prest egon beharko dugu», aditzera eman du zenoztarrak.

Bere baldarrean, ados azaldu da Jokin Altuna ere, baina bere ñabardurak gehitu dizkio. «Lehen pilota larregizkoa egon ohi zen eta azkenaldian, baxuegia. Kosta egiten da beharrezkoa den oreka hori bilatzea. Frontisean gutxiago ateratzen diren pilotak dira oraingoak, baina emanez gero, min ematea badago. Lau eta Erdiko jokoarentzat ez dela txarra esango nuke, baina jokoa aldatzera behartzen gaitu», azaldu du Buruz Buruko egungo txapeldunak.

Iaz finalerdietan Unai Lasoren aurka galdu zuen Jokin Altunak eta hori dela-eta, ez dago konforme amezketarra, nahiz eta Lau eta Erdiko Txapelketan hamargarren finalerdia jokatu jarraian. «Gauza handia da hainbeste finalerdi kateatzea, hobetzeko modu bakarra maila horretako partidak jokatzea baita. Baina iaz Unaik –Lasok– kanpoan utzi ninduen eta aurten beste urrats bat eman nahiko nuke», azaldu du.

Altunak eta Etxeberriak 2023ko Lau eta Erdiko finala jokatu zuten, Peio Etxeberriarentzat aurreneko finala. Urduritasuna ezagun izan zuen nafarrak eta 22-9 ezinean aritu zen Altunaren aurka. Iaz, berriz, Unai Lasoren aurka 22-19 galdu zuen Lau eta Erdiko finalean. Zenoztarrak berriro ere finalean nahiko luke eta 2023tik hona «gauzak asko aldatu» direla uste du. «Urteak eta eskarmentua aurrera doaz eta hori baliatzen ahaleginduko naiz», azaldu du.