Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Delphine de Vigan lehen aldiz euskaraz, ‘Esker onak’ eleberrian

Aiora Jaka itzultzaileak Delphine de Vigan idazlearen mundua euskarara ekarrri du lehen aldiz ‘Eske onak’ eleberrian. Zahar etxe batean dagoen emakume baten istorioa kontatzen du: hitzak galtzen hasi eta, beldurrez, beretzat garrantzitsu izan diren pertsonei eskerrak ematearen obsesioa garatzen du.

Aiora Jaka itzultzailea, eleberriaren aurkezpenean, bideo dei bidez.
Aiora Jaka itzultzailea, eleberriaren aurkezpenean, bideo dei bidez. (Aitor Karasatorre | FOKU)

‘Esker onak’ eleberriaren muinean galdera bat dago, Inazio Mujika Ereineko editorearen hitzetan: «Zer gertatzen zaigu hitzak nahasten eta desagertzen zaizkigunean?». Delphine de Vigan Estatu frantseseko idazle eta gidoilaria ekarri du lehen aldiz euskarara Aiora Jaka itzultzaileak. Frantsesez eleberri hau 2019an argitaratu zen. 

De Viganek «ahots sentibera eta oso pertsonala» duela azaldu du Mujikak, eta batez ere, giza harremanak agertzen direla eleberri honetan: «Familia, lagunartekoak, emozioen mundua da Delphinen mundua, emozio konplexuak bizi dituzte bere pertsonaiek eta eguneroko bizitzako xamurtasuna eta zurgarritasuna agertzen dira». 

Michka da istorioko protagonista, «emakume edadetua da, kasik gaur arte ibili da bere kasa bizitzen, bere etxean, baina halako batean afasia baten ondorioz zahar etxe batean sartu beharra dauka, hitzak galtzen ari zaizkiola konturatzen da», adierazi du pertsonaia nagusiaren ardatza Mujikak. Bi pertsona «laguntzaile» ere agertzen dira istorio horretan, Marie eta Jerome. Lehena txikia zenean berak zaintzen zuen bizilaguna da, zaharren egoitzara bisitan joango zaiona asteburuetan, eta Jerome egoitzako logopeda da, astea berarekin pasatzen duena. Bi pertsonaia horiek dira narratzaileak, txandaka kontatzen dute. 

Jaka arduratu da Viganen unibertsoa euskarara ekartzeaz. Telematikoki konektatu da eleberriaren aurkezpenean eta, hasteko, protagonistaren sentsazioa deskribatu du: «Beldurra sentitzen du momentu batean, konturatzen delako hitzak galtzen ari zaizkiola, ihes egiten». 

Michkaren egunerokotasuna kontatzeaz gain, tarteka bere ametsak ere agertzen dira narrazioan. Itzultzailearen hitzetan, hasieran ez da sumatzen ametsak direnik ere, «eta ametsen bidez ikusten ditugu bere beldurrak, kezkak, oroitzapenak… horri esker jakiten dugu iraganean zer gertatu den». 

«Oso istorio xamurra da, xamurtasuna eta goxotasuna dira nagusi, pertsonen arteko lotura ezkutua, giza harremanen garrantzia, elkarrekiko zor morala, eskerrak ematearen garrantzia… Bizitzako zoritxar txiki eta handiak kontatzen dira», argitu du Jakak.

Hitzen garrantzia

Izenburuari erreferentzia eginez, ‘Esker onak’ tituluaren arrazoia azaldu du Jakak: «Inporta zaizkigun pertsonei esker ona adieraztearen garrantziaz ari da. Protagonista hitzak galtzen ari dela konturatzen denean, berandu baino lehen eskerrak ematen ditu, obsesio bihurtzen zaio iraganean garrantzitsuak izan diren pertsonak bilatzea eta eskerrak ematea». 

Hizkuntzaren eta hitzen garrantzia gako garrantzitsuenetariko bat da eleberrian, eta aldi berean itzultzaileak aitortu du «erronka nagusiena» horixe izan dela. Izan ere, pertsonaia nagusiaren gainbehera abiatzen denean, lapsusak izaten ditu, «hitzak nahasi egiten ditu, eta horrek umore ukitua ematen dio; batzuetan, hitz baten ordez antzeko bat esaten du, baina esanahi guztiz ezberdina duena».