
«Beti azkena da hoberena», hasi da Katixa Agirre ‘Barne zerbitzuak’ (Elkar) bere azken eleberriari buruz. «Desberdinena ere bai, nobela historiko bat delako, benetako gertaeretan oinarritua, nirekin zerikusirik ez dutenak. Orain arte bazegoen lotura biografikoren bat, baina oraingo honetan benetako pertsonaiak dira, beste belaunaldi bateko emakumeak, paper garrantzitsua izan arren ahaztuak izan direnak».
Eusko Alderdi Jeltzalearen baitan, Emakume Abertzale Batzako kideek osatu zuten Alava Sareari buruzko kontakizuna ondu du idazle arabarrak. Hasieran elkartasun sarea zen, 1936ko Gerrako gudari presoak babesteko. Hazi egin zen eta espioitza sare bihurtu zen, nazioarteko aliatuak lagundu eta informazioa pasatzeko. Sekulako istorioa da, ikusgarria, eta Agirrek ez dio epikotasun horri uko egin, jakinda sareko kideak umilak izan zirela beti.
«James Bonden pelikula bat bezala kontatu dut. Asko arriskatu zuten eta asko galdu zuten. Thriller baten moduan irakurtzen da. Garaiko testuinguruari lekua eman diot. Dibulgazio horri oihartzuna ematea izan da nire asmoetako bat», adierazi du.
Lehen txinparta
Orain dela zazpi bat urte dibulgazio ariketa handi bat egin zen Alava Sareari buruz; erakusketa bat egin zen, eta liburu bat ere atera zuen Arabako Foru Aldundiak. Orduan jakin zuen Agirrek honen inguruan. Arabarra izaki, arreta deitu zion Arabaren pisuagatik ere, eta benetako garrantzia ulertarazi nahi zuen. «Britainiarrak edo amerikarrak izan balira, pelikulak egongo lirateke, eta guk ez dugu izan halakorik. Hortik nire jokoa: Hollywoodeko mainstream pelikula bat bezala kontatzea, argi utzita nor diren heroiak».
Historialariei esker idatzi du liburua. «Sekulako artxiboa dago honen inguruan, ez nekien, asko harritu nau». Bereziki eskertu du Eugenio Ibarzabal, emakume hauek elkarrizketatu eta grabatu zituelako. Idazleari zirrara eragin zion beren ahotsa entzuteak. Benetako gorputza hartu zuten orduan. Joseba Agirreazkuenaga historialariari ere adierazi dio esker ona, oharrak eta zuzenketak egiteagatik.
Nobela korala
Bittori Etxeberria, Itziar Mujika, Tere Verdes eta Delia Lauroba dira istorioaren protagonistak. Baina badira pertsonaia gehiago ere. «Jose Antonio Agirre da horietako bat, serie edo pelikula bat merezi duena, sekulako biografia dauka eta. Luis Alavak ere pisu handia hartzen du nobelan aurrera egin ahala».
1937 eta 1943 urteen artean kokatzen da istorioa, jakinda gauza batzuk aunitzetan kontatu direla, baina bertzeak ez direla inoiz agortzen. Klixe zinematografikoekin jokatzen saiatu da. Adibidez, «hau ez dizut kontatuko ze ‘Casablanca’-n agertzen da».
Orain arte idatzi duen nobelarik luzeena da ‘Barne zerbitzuak’, Xabier Mendiguren editoreak oroitarazi dionez. «Gertaerak hor zeudenez, ezin nuen asmatu. Sarea nola sortzen den, nola ezagutzen duten elkar, nola handitzen den sarea eta sartzen diren gauza arriskutsuagoak egiten, eta nola erortzen den. Hiru ekitaldiak oso argi daude eta hala banatuta dago liburua, oso klasikoa da horretan ere. Ez nekien zer luzera izango zuen, baina azken partea murriztu dut, oso gogorra egiten zitzaidalako diktadura baten baitako atxiloketa, kartzela eta erabateko fartsa izan zen epaiketa. Topatu nuen irtenbide bakarra laburtzea izan zen», azaldu du egileak.
Misterioa
Nahiz eta aunitz jorratu den historialarien partetik, badago istorio honetan guztian misterio bat ere: «Zergatik erori zen sare hau, zergatik deskubritu zuten. Naziak Eusko Jaurlaritzaren Pariseko egoitzan sartu ziren. Jaurlaritzakoek alde egin zuten baina hor gelditu ziren paper batzuk, horien artean txosten bat zeinak sare honen funtzionamendua eta partaideak zein ziren kontatzen zuen. Zergatik geratu ziren paper horiek hor hain delikatuak izanda? Paris erori eta lehen atxiloketetara sei-zazpi hilabete pasatu baziren, zergatik ez zien inork abisatu emakume hauei arrisku larrian zeudela?».
Bada hipotesi bat, traidore bat zegoela. «Ez dut beste ezer topatu, Balerdi izena soilik, eta izen hori baliatuta, Balerdi nor zen jakin gabe, asmatu egin dut Balerdi bat, alderdiko bat baina bere frustrazio eta erresuminak dituena eta egoerak laguntzen duenez guztiak traizionatzen dituena».
Genero ikuspuntua inportantea da Agirrerentzat. Alava Sareko kideak «emakumeak ziren, horregatik ez zieten egindako lana errekonozitu. Haiek ere ez zuten sentitzen ezer handirik egin zutenik. Kristautasunak ere pisu handia zuen haiengan, ez zen bakarrik abertzaletasunagatik, karitate kristau hori ere bazegoen, emakumeengandik espero zena, zaintzea, janaria eramatea, arropa garbitzea...
Historiaren alde onean
Bost emakume ageri dira liburuaren azalean: lau protagonistak eta Felicitas Ariztia, bera ere sareko partaidea. Libre utzi zituztenean egindako argazkia da. Euskal Herrira bueltatu zirenean harremana berrartu, eta lagunak izan ziren heriotzara arte. Pasatutakoak pasatuta ere, irudian nahiko zoriontsu ematen dute eta hori gustatzen zaio Katixa Agirreri.
«Haiek ez dakite Francok zenbat iraungo duen; guk badakigu 40 urtez luzatu zela, baina haiek ez zekiten hori. Esperantza horri eutsi zioten. Ez da gerra historio miserable bat, hauek ez ziren hain galtzaile sentitzen, historiaren alde onean zeudela sentitzen zuten».
Alava Sareko kideen oinordekoekin harremanik izan al duen galdetuta, orain arte ezetz erantzun du Agirrek. Ez zuten seme-alabarik izan, baina verdestarrak, adibidez, Bilbon daude eta hemendik harremana egin eta liburua eman nahi lieke idazleak.
Palancako burdel batean
Liburuak zenbat dauka fikziotik? %10 inguru, egileak erran duenez. Balerdiren pertsonaiaz gain, badira asmatutako gauza gehiago. Adibidez, kontatzen da behin bakarrik bildu zirela lau protagonistak, eta topaketa horren lekua eta data asmatu egin ditu. Bilboren erorketaren urteurrenean kokatu du. «Festa faxista bat egin zen eta hor elkartzen ditut guztiak, non eta Palancako burdel batean. Kontatzen dut burdeleko madamea alderdiko kide bat dela. Hori egia da, dokumental batean entzun nuen eta harrigarria iruditu zaitzaidan alderdiko emakume katoliko bat izatea jabea, gainera sarearekin kolaboratzen du».
Nobelaren hasiera geldoa da, eta gero azkartzen da. Idazlea ere horrela sentitu da, jakitun baitzen nobela historiko batean edozer gauzatan sar dezakezula hanka. «Zer jaten zuten, nola mugitzen ziren, zer tren linea zeuden... Zorionez trenen friki asko daude eta informazio asko dago blogetan garaiko trenei buruz», kontatu du.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

