Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Unai Amianoren finalak meritu handiagoa damaio Senarren B Serieko txapelari (22-15)

Ataungo pilotaria inoizko estuen hartu du Amianok eta 0-8 hasi baldin bada, 10-15eraino beti aurretik izan da. Baina urduritasunaz askatu delarik, sakea berreskuratu eta errematean asmatzen hasi da eta 22raino zuzenean joan da Senar. Unai Lasok ezin izan du bere berragerpenean irabazi.

Nekea, poza eta lasaitua Beñat Senar B Serieko txapeldun berriaren aurpegian.
Nekea, poza eta lasaitua Beñat Senar B Serieko txapeldun berriaren aurpegian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

SENAR 22

AMIANO 15

Beñat Senar de B Serieko Lau eta Erdiko 2025eko txapelduna eta zorionak eman behar zaizkio Ataungo aurrelariari. Alabaina, Unai Amianori ere zorionak eman behar zazkio. Duela bi hilabete eskas egin zuen debuta Irungo aurrelari ezkerrak eta larunbat honetan beterano baten moduan jokatu du final handia. Are gehiago 10-15ekora arte beti aurretik izan da pilotari urdina, hasieratik 0-8 aurreratu ostean eta Uranzu pilotalekuan izan dituen lagunak sinetsita izan ditu txapeldun atera behar zuela, berak ezarri baitu final eder honen mailaren langa.

Hala ere, ez du etsi Senarrek eta behin 10-15ekoan sakea berreskuratu duelarik, handik 22raino zuzenean joan da. Sakeaz egundoko mina eman dio Amianori eta hasieran asmatu ezinik izan duen erremate lanean behar bezala hasi zaio azken tarte horretan. Amiano gogotik ahalegindu da azken alde horretan ere, baina ataundarrak kantxatik atera egin du, eskuina dantzan jarri eta ezker gantxoaz amaitzen asmatu duenean.

«Kristoren poza daukat. Unai Amiano handi bat izan dut aurrean eta hasieran ezkerrez atzeraka ateratzen ninduen. Baina oso gustura nago irabazteko borrokan jarraitu dudalako. Banekien zer maila daukan Unaik, berarekin sarri entrenatu dudalako, eta lanean segitzeak fruituak eman dizkit. Bigarren parte horretan asko gozatu dut azkenean, eta gutxitan gertatzen bada ere, finala irauli ahal izan dut», adierazi du, hunkituta txapela duela gutxi hil zaion aitonari eskaini eta gero.

Erauntsia Uranzun

Senar zen B Serieko txapela irabazteko faboritoa, baina Unai Amianok, erauntsia bailitzan, airean eraman du aurreneko tantoetan. Lehenengo sakea Senarrek izan du eta tanto gogor baten ostean irundarrak egin du aurreneko tantoa, eta handik aurrera, etxeko pilotariak sekulako bolada kateatu du, bere ezker horrekin ataundarra batera eta bestera zarabandaka erabilita.

Eten egin behar jokoa, zer bestela?, markagailua 0-5 Amianok jarri duenean, baina horrek ez du pilotari urdina hoztu ezta geldiarazi ere. Gezurra eman du profesionaletan duela bi hilabete debuta egin duela esatea ere. Eta Senarrek, artean 0-7 galtzen ari zela, aukera izan duen aurreneko aldian, ezker zeharra kanpora joan zaio. Hori ere gertatu egin behar hain txapelketa aparta burutu eta gero! Hurrengo tantoan Amianori txapara ihes egin dion pilotakada bati esker lortu du Ataungo pilotariak hutseko malapartatua bere gainetik kentzea.

Bi tanto iraun ditu Senarren boladak, baina behintzat bere eskuina dantzan jartzea erdietsi du halakoren baten. Tanto askorik sartu ezinik baina piloteoa berdinduz, desabantaila lauzpabost tantoren bueltan egonkortzea lortu du ataundarrak. Jakina, ez zen hori bere helburua, neurketa iraultzea baino, eta horretan ez dio erraztasunik eman Amianok. Ezkerrez egundoko jokaldiak egin ditu Irungo aurrelariak; 9-14ko horma bikoa, esaterako, billarrean ariko balitz bezala marraztua pilotaren atzetik korrika aritu den Senarren aurrean.

Indarraren legea

Azken zatira pilotari biak sasoi onean iritsi badira ere, Beñat Senar sendoago iritsi da. Ez du inoiz ere etsirik hartu eta eskuina bere lana egiten hasi zaio ataundarrari, bereziki sakearen bitartez. Sake guztiak ezker horman errenditu ditu pilotari gorriak eta pilota bera ere kentzeko zailagoa izanda, ezin irundarrak miraririk egin. Tartean zenbait sake sartu dizkiolarik, errematea ere martxan jarri du azkenean txapeldun suertatu den pilotariak.

Indarrean aritu da azken tanto horietan Senar, aurreneko bi herenetan aurkariaren menpe ibili eta gero. Ez da erraza, baina indarra besoetan eta zangoetan ez ezik, buruan ere izan behar dela erakutsi du Ataungo pilotariak. Bere jokoa nola gauzatu errezeta aurkitu duenean, ez du gupidarik izan eta are zailagoa dena, ez dio opari bakar bat ere egin Amianori, ez pilota aldatzeko, ez sakea berreskuratzeko, ezta ezertarako ere.

Zuzenean 12-0ko partziala egin ostean irabazi du Beñat Senarrek B Serieko Lau eta Erdiko finala. Datorren urtean onenekin izango da, beraz, pilotari gipuzkoarra, baina are garrantzitsuago dena, atzetik joaten eta sufritzen ere badakiela erakutsi eta gero lortu du bere kirol bizitzako aurreneko balentria garrantzitsu hau. Unai Amiano, berriz, burua tente egoteko moduan dago, finala irabazi ez badu ere, txapeldun baten moduan jokatu baitu, harik eta Senarrek bere legea ezarri duen arte.

Lasok ezin irabazi

B Serieko finalaren aurretik Unai Lasoren berragerpeneko partida jokatu da. Bizkarreta-Gerendiaingoak Ugartemendia izan du bizkartzain eta itxura txarrik eman ez badu ere, markagailuan oso urruti geratu da bikote urdina Elordi eta Gaskuerengandik. 22-10eko markagailua bistakoa izan da. Azken baten, Ugartemendiarentzat oraindik zama handiko dema egokitu zaio eta Lasok bost hilabete pilotalekuetatik kanpo eman dituela bistan izan du.

Aurrelari nafarrak egin ahala tanto galdu ditu: sei egindako eta galdutako zazpi. Baina aurrean Mallabiko Elordik erritmo biziagoarekin dagoela erakutsi dio. Dena bezala, denbora kontua izango da. «Minik ez dut izan eta hori zen garrantzitsuena. Entrenatzen ondo aurkitu naiz, baina partida beste gauza bat da eta Aitor –Elordi– sekulako mailan aritu da», onartu du aurrelari nafarrak.

PARTIDAKO FITXA

Pilotakadak: 231. Iraupena: 44.09 minutu. Markagailua: 0-1, 0-8, 1-8, 2-8, 2-9, 4-9, 4-11, 6-11, 6-12, 7-12, 8-12, 8-13, 9-13, 9-14, 13-14, 13-15, 14-15, 22-15. Sakeak: 5 Senarrek eta 2 eta falta 1 Amianok. Egindakoak: 11 Senarrek eta 9 Amianok. Galdutakoak: 4 Senarrek eta 5 Amianok. Gorabeherak: Sarrera polita Irungo Uranzu pilotalekuan. Unai Laso berriz ere kantxara itzuli da bost hilabetez jokatu ezinik egon eta gero. Lehenengo sakea gorri.