
EH Bildu «prest» dago Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztutako 2026rako aurrekontu proiektuari «ekarpen arduratsu eta eraikitzailea» egiteko. Asteazken honetan adierazi duenez, hiru lehentasun ditu: zaintza zerbitzua, enpresa txiki eta ertainak eta euskara.
Hala ere, ezer baino lehen, Aldundiari eskatu dio «norekin eta zein gehiengorekin egin nahi duen bidea» argitzeko. «Ez baita gauza bera EH Bilduren eskutik lurralde honetako herritarren gehiengoa ordezkatuko dituzten urratsak ematea, edo eskuin muturra hauspotzen duen eta, besteak beste, klima aldaketa ukatzen duen PPrekin akordioetara iristea».
Maddalen Iriarte bozeramaileak adierazi duenez, «aurrekontuen negoziazioak jauzi kualitatiboa behar du, zenbakien arteko ariketa soiletik harago, eta inolako inozentzia politikorik gabe».
Zentzu horretan kokatu ditu EH Bilduk «aurrekontuak hobetzeko» aurkeztutako proposamena. Zelai Amenabarrok zehaztu du koalizioaren ekarpena.
Alde batetik, «zaintza-sistema publiko, duin eta bidezkoa eraikitzea» eskatu du. «Horretarako, herritarrek zaintza zerbitzuengatik ordaintzen dutena murriztea eta unibertsaltasunerantz bidea egitea proposatzen du EH Bilduk, baita menpekotasuneko balorazioak azkartzea ere. Funtsezkoa da, era berean, egoitzetako eta, oro har, zaintza zerbitzuetako irabazi asmoa ezabatzea eta azpikontratazioa mugatzea, zaintzaileen lan-baldintzak homologatzeko eta duintzeko», nabarmendu du.
Bestetik, «enpresa txiki, ertain eta autonomoei laguntza eta akonpainamendu publikoa» ematea defendatu du, «bereziki ziurgabetasun testuinguru honetan, eta trantsizio energetiko betean».
Azkenik, euskara jarri du lehentasun gisa. «Haur eta gazteen aisialdian euskararen erabilera indartzeko Herri Hezitzaileak proiektua lurralde osora zabaltzea proposatzen du EH Bilduk, baita harrera protokolo bateratuak garatzea ere, euskara harrera-hizkuntza gisa sendotzeko».

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Llaman a celebrar el 7 de febrero en Gernika la victoria popular frente al Guggenheim Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek

