
ELA eta LAB sindikatuek jakinarazi dute ez dutela parte hartuko Lakuako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak deitutako bilera errondan, datorren azaroaren 17an. Bi sindikatuek erabaki
hori hartu dute EAJk eta PSEk, PP eta Voxekin batera, Gasteizko Legebiltzarrean gutxieneko soldata propioaren aldeko Herri Ekimen Legegilearen (HEL) aurka bozkatu ondoren.
«Legebiltzarraren gehiengoak langileen eta demokraziaren aurka bozkatu du. Denbora laburrean HEL baten aurka egiten duten bigarren aldia da; herritarrek politika publikoetan eragiteko duten tresna blokeatu dute; pentsiodunena lehenik, eta gutxieneko soldatarena ondoren. 138.495 sinadurari ezezkoa eman eta patronalaren interesen aldeko erabakia hartu dute», adierazi dute ohar baten bidez.
Zentzu horretan, azpimarratu dute EAJk eta PSEk «gutxieneko soldata propio baten aldekoak direla esaten dutela, EAEko langileek bertako errealitate sozioekonomikoaren araberako soldatak behar dituztela». Baina sindikatuen hitzetan, «euren ekintzek kontrakoa erakusten dute: patronalarekin lerratu dira, Confebasken aginduei men eginez. Badakite herri ekimen legegileari atea ixteak gutxieneko soldata propioa lortzeko bi bideak blokeatzen dituela».
ELA eta LABen ustez, Lakuak «ez du benetako elkarrizketan sinesten». «Benetan sinetsiko balu, eztabaidari legebiltzarrean bide eman eta bakoitzak bere posizioa defendatzeko aukera ziurtatuko luke. Horren ordez, eztabaidari atea itxi diote».
Horregatik, sindikatu eta patronalekin bilera erronda baten bidez elkarrizketa bultzatzea «aurpegia zuritzeko ariketa» dela iritzi dute ELAk eta LABek. «Legebiltzarrean eztabaidari atea itxi diotenek ezin dute orain elkarrizketa irudikatu».
Horregatik, ELA eta LAB ez dira izango «fikzioa irudikatzeko erronda horretan». «Eztabaidari Confebaskek itxi dio atea lehenik, eta Jaurlaritzak ondoren. Bi aldeei jarrera aldatzeko eskatzen diegu, langileen eskaerak mahai gainean jartzeko borondate politikoa erakusteko. Eta, zehazki, Imanol Pradales lehendakariari eta Mikel Torres lehendakariordeari eskatzen diegu jarrera aldatu eta gutxieneko soldata propioaren defentsa egin dezatela, eta egin diezaiotela interpelazio zuzena patronalari, hark ere posizioa mugitu dezan».
Horren ordez, ELAk eta LABek «mobilizazioak indartu» egingo dituztela baieztatu dute. Bestetik, datorren astean «mahai negoziatzailea eratzeari uko egin izanagatik» Confebasken aurkako demanda aurkeztuko dutela jakinarazi dute.
Elkarrizketari «betoa» jartzea leporatu die Torresek
Mikel Torres bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu kontseilariak deitoratu egin du ELA eta LAB sindikatuek bilera-sortan ez parte hartzea, eta, bi erakundeei erreferentzia eginez, salatu du «betoez hitz egiten dutenek beste behin ere praktikatzen dituztela».
Bigarren lehendakariordeak azaldu duenez, bilera honen helburua «kezkatzen gaituzten eta kalitatezko enpleguaren sorrerarekin zerikusia duten hainbat gai aztertzea zen». Sailburuak adierazi duenez, «euskal lan-merkatuak hainbat erronkari egin behar die aurre, eta, horretarako, eragile sozialen arteko elkarrizketa eta akordioa ezinbestekoak dira».

Azken sanferminetako txupinazoan izandako errepresioa salatu dute zenbait eragilek

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Ocho de los Filton24 mantienen la huelga de hambre como protesta por el genocidio en Palestina

Llaman a celebrar el 7 de febrero en Gernika la victoria popular frente al Guggenheim Urdaibai


