NAIZ

Araudia betetzen ez duten makinak geldiarazteko gida sortu du LABek

Ekintza sindikalerako gida berria sortu du LABek, makinek segurtasun bermea bete dezaten ziurtatzeko helburuarekin. Ohartarazi duenez, prebentzio legea ez da betetzen eta, ondorioz sortzen diren istripu askoren artean harrapatzeak dira ohikoenak.

Ainhize Muniozguren eta Inko Iriarte astearte honetako aurkezpenean.
Ainhize Muniozguren eta Inko Iriarte astearte honetako aurkezpenean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Langileek erabiltzen dituzten makinek segurtasun bermeak bete ditzaten bermatzeko, LABek ekintza sindikalerako gida berri bat sortu du, kasurik larrienetan makina geldiarazi eta zerbitzuz kanpo utziko duena.

Inko Iriarte sindikatuko Lan Osasuneko arduradunak astearte honetan azaldu duenez, prebentzio legea ez da betetzen eta, horregatik sortzen diren lan istripu askoren artean harrapatzeak dira ohikoenak. Halakoak ekiditeko sortu dute gida.

«Ez du txosten teknikoa izan nahi, nahiz eta oinarri tekniko sendoa duen; ez du txosten juridikoa izan nahi, nahiz eta berme juridikoak ere eskaintzen dituen. Protokolo hau ekintza sindikala erabiliz lan osasun eskubideak bermatzeko gidaliburua da», azaldu du Iriartek.

Bost urrats izango ditu ekintzak. Lehenik eta behin, ordezkariak makinari kontrol zerrenda egingo dio eta enpresari dokumentuak igorri. Ondoren, enpresari 15 eguneko epean dokumentazioa eta manualak emateko eskatuko zaio. Hirugarrenez, arriskuren bat egotekotan, 15 eguneko epean makina ez bada konpondu, langileek salaketa jarriko dute Lan Ikuskaritzan. Gero, larritasuna nabarmenagoa bada, Ikuskaritzak urgentziazko prozeduraz makinaren gelditzea gauzatuko du. Azkenik, kasurik larrienetan, alde bakarrez, ordezkari sindikalak makina geldiarazi eta zerbitzuz kanpo utziko du.

Prebentzio delegatuei zuzendutako gida da eta 1215/1997 Errege Dekretua du oinarri. Horrek makina zaharrak eta berriak barnebiltzen ditu, eta gutxieneko segurtasun bermeak zein diren zehazten. Horrez gain, IAT Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren antzeko ekintza sindikala proposatu du LABek. Segurtasunari lotutako atalak betetzen ez badituzte, neurriak hartzen joango dira langileak, eta falta larriak baldin badaude, alde bakarrez makinak geldituko dituzte.

Prebentziorik eza

Ainhize Muniozguren Idazkaritza Juridikoko arduradunak lan osasuna «lehen lerroko auzia» dela nabarmendu du. «Egunero gaixotzen da langileria lanean, baina gehien-gehienei ez diete onartzen gaixotasun horien jatorria lana dela. Egunero dozenaka lan istripu gertatzen dira, eta, zoritxarrez, askok ondorio larriak dituzte: lesio oso larriak edo langileen heriotza eragiterainokoak. Horien artean nabarmentzen dira erorketak eta harrapatzeak, gehienbat eraikuntzan; azken urteetako datuek hori erakusten dute», azaldu du.

Istripuok, nagusiki, prebentzio legea betetzen ez delako gertatzen dira, Muniozgurenek gogoratu duenez: «Prebentzio ezaren arazoa ez dugu sindikatuok bakarrik seinalatu. Nafarroako Gobernuaren eskariz egindako txostenak argi adierazten du enpresen %80k ez duela betetzen prebentzio legea».

Lan Ikuskaritzaren egitekoa ere aipatu beharrekoa dela gogorarazi du: «Beharrezkoa da ikuskari kopurua handitzea eta lana eraginkortzea, baina erabaki politiko ausartak behar dira; Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, ordea, patronalari ez diote aurre egin nahi. Ondorioz, patronala eta instituzioak elkarren besotik doaz berriro».