
Labrazako kontzejuak eta Arabako Errioxa Bizirik, Arabako Mendiak Aske eta Araba Bizirik plataformek agerraldi publikoa egin dute larunbat goiz honetan Labrazako ‘arkuan’ herrian eraiki nahi duten zentral eolikoaren inguruan izan diren azken aurrerapen administratiboak salatzeko. Oiongo Udalari «bere erantzukizuna hartu» eta proiektuarekin lotutako «jarduera oro berehala geldiarazteko» eskatu dute, harik eta auzitegiek plataformek aurkeztutako errekurtsoen ebazpena eman arte.
Proiektuak bizilagunen bizi forma eta kalitatea «arrisku larrian» jartzen dituela ohartarazi dute, «zarata etengabea eta itzal kliskatzaileen efektua» nabarmenduz, eta Aixeindar S.A.-k (Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak osatutako sozietatea) sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktua ere salatu dute: «Baso-soiltze nabarmena, hegaztienganako kalteak eta paisaiaren zein inguruko ekosistemen aldaketa itzulezina eragingo ditu».
Interes pribatuak
Deitzaileen esanetan, proiektuak «oligopolio energetikoaren interes pribatuari» erantzuten dio, eta ez plangintza arduratsu bati. Bereziki EH Bilduk Oiongo alkatetzan izandako jarduna azpimarratu dute. Alderdiari leporatu diote hasierako aurkakotasun-jarrera aldatu izana «orain, tramitazioa errazteko, EAJren eta PPren babesarekin», eragileek «gezurrezkotzat» jotzen duten «inperatibo administratibo» baten aitzakia hartuta.
Plataformek gogorarazi dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak (EAEJAN) tramiterako onartu dituela aurretiazko administrazio-baimenaren eta plan bereziaren aurka jarritako errekurtsoak.
«Oiongo udalari berriro exijitzen diogu beranduegi izan baino lehen ardura hartu dezala, proiektuaren prozedura eta jarduera oro bertan behera utziz epaitegiek esan beharrekoa entzun arte. Haren erantzukizuna da», adierazi dute antolatzaileek, eta deitoratu dute Oiongo Udalak «bizilagunek urteetan eskatu dutenari entzungor egitea erabaki izana, Labrazako kontzejuak bere lurren gainean erabakitzeko duen gaitasuna de facto baliogabetuz».
Eragileek egungo legeditik eratorritako arazo zabalago batean kokatzen dute gatazka hau; haien ustez, lege horiek «negozio-bide berriak irekitzea» bilatzen dute, tokiko erakundeei erabakitzeko ahalmena kenduz.
Gauzak hala, «herritarren eta eragile sozialen aurkakotasuna irmo» mantentzen dela iragarri dute eta abenduaren 13an Labrazan elkartasun eguna egingo dela iragarri dute, hainbat jarduerarekin. «Lurraren defentsarako» herritarren babesa eta partehartzea ere eskatu dute.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo
