NAIZ

Itxialdiak egiten ari dira ikastoletan, Lakuari sinatutako akordioa bete dezala eskatzeko

Itxialdiak egiten ari dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastoletako langileak, Lakuako Hezkuntza Sailari galdegiteko sinatutako Akordio Laborala bete dezala. LABek mobilizatzen jarraitzeko asmoa agertu du, aldarrikapenak bete arte.

Kanpin dendak prest Oiongo San Bizente ikastolan.
Kanpin dendak prest Oiongo San Bizente ikastolan. (@LabIkastolak)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastoletako langileak itxialdiak egiten ari dira gaurtik bihar arte, Lakuako Gobernuaren Hezkuntza Sailari 2023ko lan akordioan jaso ziren konpromisoak bete ditzan exijitzeko.

Ikasleak etxeratzen direnean, langileek hainbat mobilizazio egin dituzte herrietan. Ondoren, ikastoletara itzuli dira hurrengo goizera arte itxialdia egiteko. Guztira, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 27 ikastolatan antolatu ditu itxialdiak LABek, eta ehunka langile mobilizatuko dituela iragarri du.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastoletako langile guztientzat lan akordioa sinatu zuten LAB sindikatuak eta Hezkuntza Sailak 2023an. Akordioan, langile guztien soldatak sare publikoko langileenekin parekatuko zirela eta lan baldintzen homologazioaren azterketa egingo zela sinatu zen.

Hezkuntza Saila, ordea, «iskin egiten ari da langile batzuen soldata parekatzeari», sindikatuak salatu duenez, eta, egin beharreko homologazioaren inguruko azterketari dagokionez, «ezarritako epeak aspaldi gaindituta egonda ere, ez da hasteko borondatearen zantzurik atzematen».

Hori dela eta, hitza ez betetzea salatzeko, LAB hainbat mobilizazio egiten ari da ikastoletan joan den ekainetik. Izan ere, akordioa ez betetzea langileen lan baldintzekin lotuta dago zuzenean, sindikatuak salatu duenez.

Hezkuntza Sailak akordio hartan hartutako konpromisoak bete behar dituela aldarrikatu dute, eta ikastoletako langileek borrokan jarraituko dutela Hezkuntza Sailak «dagokiena eman arte. Lakuak bere hitza bete arte mobilizatzen jarraitzeko konpromisoa agertu du LABek.