NAIZ

Mikel Urdangarin zinema dokumentalean murgildu da ‘Itsasora’ filmarekin

Mikel Urdangarin abeslari zornotzarrak Mendi Film jaialdian estreinatuko du ‘Itsasora’ film dokumentala, abenduaren 5ean Euskaldunan. «Itsasoa ez da eszenatoki bat, ispilu bat baizik» ideia da filmaren abiapuntua eta Unai Basurko nabigatzailearen mundura bidaiatzea proposatzen du. 

Mikel Urdangarin eta Unai Basurko, ‘Itsasora’ dokumentalean.
Mikel Urdangarin eta Unai Basurko, ‘Itsasora’ dokumentalean. (AMURA PRODUKZIOAK)

Mikel Urdangarinek zinemarako jauzia egin du ‘Itsasora’ dokumentalarekin, eta ez edonola gainera: film luze honen gidoia, zuzendaritza eta soinu-banda hartu ditu beregain. Lana abenduaren 5ean estreinatuko da Bilboko Euskalduna jauregian, Mendi Film jaialdiako Sail Ofizialean barruan, eta proiekzio honek irekiko du gainera jaialdiaren egitaraua.

Amura Produkzioak-etik aurreratu dutenez, «itsasoa ez da eszenatoki bat, ispilu bat baizik» ideiatik abiatzen da euskara hutsean filmatutako lan hau, eta Zornotzako kantari eta musikariaren «orain arteko proiekturik pertsonalena eta diziplina anitzekoena» da.  

Musikak proiektuan duen garrantzia nabarmendu dute bereziki, dokumentalerako berariaz sortua izan dela adieraziz, hau da, «ez da akonpainamendu hutsa, itsasoaren isiltasunarekin hitz egiten duen eta zeharkaldiaren pultsu emozionala markatzen duen funtsezko elementu narratiboa baizik», eta balioan jarri dute idazketaren, zuzendaritzaren eta konposizioaren ardura hartuz Urdangarinek «erabateko koherentzia artistikoa» eman diola filmari, «bere sentikortasun berezia plano eta nota bakoitzean inprimatuz».

Barne bidaia Unai Basurkoren eskutik

Filmak ‘Aitzaki’ belaontzian murgiltzea proposatzen dio ikusleari, Mikel Urdangarinek eta Unai Basurko nabigatzaileak elkarrekin egingo duten bidaian. «‘Itsasora’ dokumentu-generotik harago doa, eta euskal nabigazioaren erreferente horren aitorpen zintzoa da. Filmak Unairen balentria ozeanikoa azpimarratzen du eta urrats bat harago doa nabigatzailearen ariman sakonduz, baina hori abiapuntua baino ez da, beragandik haratago doan unibertso handiago bat ezagutzera gonbidatzen gaitu», azaldu dute Amuratik.

Era berea, zehaztu dute itsas zabalean egingo duten elkarbizitza horren ondotik Basurkoren «giza erretratua» marraztu nahi izan duela Urdangarinek, «ozeanoa bere etxe bihurtu duenaren jakinduria eta bizi-filosofia» azaleratuz. «Obrak egungo gizartearen lehorreko paradigmak itsasoaren bestelako kodeekin kontrajartzen ditu: ‘Urak batzen gaitu; lurrak, berriz, banandu’», agertu dute.

«Atmosfera eta hausnarketa lehenesten dituen sentsibilitatearekin zuzenduta, ‘Itsasora’ ez da nabigazioari buruzko film bat bakarrik; giza arimaren esplorazio bat da», jarri dute azpimarra, eta aurreratu dute ‘Aitzaki’ belaontzian egingo duten zeharkaldiaren bidez gizarte modernoak bere bizilekuarekiko duen «deskonexioaz» hausnartzera bultzatu nahi dutela ikuslea.

Narratibari dagokionez, lurra eta itsasoaren arteko dikotomian jarri du begia Urdangarinek, lehorreko bizitza eta itsasokoa bata bestearen aldamenera eramanez. «Lehorreko bizitza —presak, egoak eta mugek markatua— itsasoko bizitzaren aurrean, non errespetua, egokitzapena eta apaltasuna nagusitzen diren gainezka egiten digun natura baten aurrean», zehaztu dute.

Amura ikusentzunezko ekoiztetzea Urdangarinek eta Amaia Ocerin kultur eragileak sortu zuten «eduki zainduak, hurbilekoak eta nortasun kultural sendokoak» sortzeko bokazioz. «Amura gauzak kontatzeko dugun beharraren hedadura naturala da. ‘Itsasora’ musikaren edo hitzaren bidez egin ohi dugun erantzunen bilaketa ikusizko hizkuntzara eraman nahi genuen. Adiskidetasunetik eta munduari beste ikuspegi batetik begiratzeko desiotik sortutako proiektua da», nabarmendu dute ekoiztetxetik.

Bere lan filosofiaren ildoak lirateke giza kontakizuna zaintzea, irudiaren eta soinuaren bikaintasun teknikoaren alde egitea eta tokiko talentuarekin lan egitea istorio unibertsalak kontatzeko.

‘Itsasora’ film dokumentala, esan bezala, abenduaren 5ean estreinatuko da Bilbon Mendi Film jaialdiaren baitan, eta estreinaldirako sarrerak eskuragarri daude jada jaialdiaren webgunean zein Euskaldunako lehiatiletan.