
Inoizko parte-hartzaileena izateko helburua jarri dio AEK-k aurtengo Korrikari. Dagoeneko plazaratu dute ibilbidea. Xehetasun guztiak korrika.eus webgunean eta bertatik doan deskarga daitekeen aplikazioan daude. Bidez bide, euskara garela erakutsiko du ekimen erraldoi honek 11 egunez eta 10 gauez. 2.175 kilometro eta 3.436 lekuko-hartze eginen ditu euskararen herrian zehar martxoaren 19tik 29ra. Gutxi gorabehera 460 herritatik igaroko da.

Ohitura denez, aitzineko edizioa bukatu zen lurraldean abiatuko da, Zuberoan. Aurkezpenean iragarri bezala, Atharratzek emanen dio hasiera Korrikari martxoaren 19an, osteguna, 15.30ean, hainbat arrazoirengatik; nagusia, hauxe: Korrikaren «itzalguneetako» bat da Zuberoako Basabürüa eskualdea. Izan ere, lasterkaldia ez da bertatik pasatzen, abiatzeko ez bada. Handik iragan zen lehen eta azken aldia 1985ean izan zen, laugarren Korrikan, Atharratzetik atera zenean.
Alta, euskara sustatzeko eta karrikaratzeko beharra sekula baino agerikoagoa da bertan: Zuberoan eta Basabürüan euskara bizirik dagoen arren, azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzek argi erakusten dute etxeko transmisioa eten egin dela. Eskola-transmisioak ez du %15 gainditzea lortzen, eta euskararen erabilera desagertzen ari da karriketan. Gainera, Zuberoa da, bereziki Basabürüa, azken hiru hamarkadetan, biztanle kopuruaren arabera, euskal hiztun gehien galdu dituen lurraldea.
Bilbo, helmuga
Amaierari dagokionez, eta Korrikaren bertze ohitura bati segituz, bost hiribururen artean txandakatzen da: Baionan finitu zen azkena, eta 24. Korrikan Bilbok izango du azken metroak ospatzeko ohorea, martxoaren 29an, igandearekin.
Goizeko zazpiak pasatuta sartuko da Bizkaiko hiriburuan. Eguerdian, lekuko barreneko mezu sekretua irakurriko dute, euskararen herritik eskuz esku pasatu dena. Ondoren, egun osoko amaiera-jai handia eginen da.
Hiriburuak
Hiriburuen artean, Maule bisitatuko du lehendabizi Korrikak: Atharratzetik atera eta 16.45ean helduko da horra. Donibane Garazin, hurrengo egunean, martxoaren 20an, ostiralarekin, sartuko da, gaueko ordu txikietan (02.50ean).
Iruñera bazkalorduan iritsiko da bete-betean, 13.50ean, martxoaren 22an, igandearekin; Donostiatik, martxoaren 25ean, asteazkenarekin, ibiliko da. 8.15ean Altzan, 9.30ean
Intxaurrondon, 11.00etan Amaran, Parte Zaharrean eguerdian… Atsedenik hartu gabe, 27an, ostirala, Gasteizen lurreratuko da euskararen aldeko ekimen erraldoia, eta martxoaren 28an, larunbatean, Baionaren txanda iritsiko da, 20.30ean.
Herriak
Lehenbiziko egunean, ostegunean, Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdi zeharkatuko ditu Korrikak: Gotaine, Domintxine, Donapaleu, Donamartiri, Lekuine... Gauerdiak Makean harrapatuko du eta goizeko ordu txikietan Nafarroa Garaian sartuko da, Arnegin barna. Pirinioan ibiliko da ostiralean, eta Tafalla, Pitillas, Tutera, Castejon, Milagro, San Adrian, Lodosa eta Larraga bustiko ditu ohi duen pozez larunbatean.
Igandean, Gares, Obanos, Barañain, Lizaso, Iraizotz eta Lizarra bisitatuko ditu, bertze aunitzen artean, eta astelehenean, Vianatik barna, Araban sartuko da. Moreda, Oion, Kanpezu, Agurain, Ilarduia... pasatu eta Nafarroara itzuliko da: Ziordia, Olazti, Altsasu, Etxarri, Lakuntza, Lekunberri, Arribe... Gaueko bederatzi eta erdi inguruan Gipuzkoara helduko da: Lizartza, Tolosa, Zizurkil, eta, goizeko ordu txikietan, jada asteartean, Aduna, Andoain, Hernani, Oiartzun eta Irun. Handik Nafarroara, Berara. Lesaka, Igantzi, Sunbilla, Doneztebe, Zugarramurdi... eta handik Sarara, Lapurdira. Senpere, Kanbo... Asteazkenean, Getari, Azkaine, Hendaia, eta berriz Gipuzkoara Irundik barna, Hondarribia, Lezo, Errenteria, Usurbil, Zarautz... eta Mutrikutik Ondarroara, Bizkaira.
Ostegunean Bizkaian segituko du Korrikak: Lekeitio, Ibarrangelu, Gernika-Lumo, Bermeo, Getxo, Barakaldo, Zalla... eta Balmasedatik Artziniegara, Arabara ailegatuko da. Ostiralean Laudiotik Arakaldora joanen da Bizkaira bueltan: Usansolo, Bedia, Lemoa, Zeanuri, eta berriro Arabara: Gopegi, Trebiñu... Larunbatean, Leintz Gatzagan barna, Gipuzkoan sartuko da: Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Oñati, Bergara, Urretxu, Zumarraga, Beasain, Alegia, Azpeitia, Zestoa, Azkoitia, Elgoibar, Eibar...
Ermutik Bizkaira sartuko da eta bertan segituko du igandean ere, Bilbon amaitu arte.
Aplikazio berritua
Aitzineko ediziotik hona, aplikazioa berrikuntzekin dator. Batetik, Zetak-en kantarekin egin bezala, Korrika Laguntzaileak izan dira lehendabizikoak ibilbidearen berri izaten. Haiek hainbat informazio eta albiste jasotzen dituzte primizian, baita aplikazioa deskargatuta dutenek ere.
Korrikak iraun bitartean, eguneko bideo-kronika bereziak eskainiko dizkiete aplikazioaren erabiltzaileei. Ibilbideari lotuta, Korrika zuzenean jarraitzeko aukera ere emanen du: batetik, furgonetaren geolokalizazioaren bidez, erabiltzaileek une oro egiaztatu ahal izanen dute nondik dabilen lasterketa. Horri lotuta, interesgarria da jakitea aplikazioak bilatzaile aurreratua duela: erraz ikusten ahalko da non dauden herri, eskualde edota kilometroak. Bestetik, furgonetako zuzeneko irudiak eskainiko dituzte 24 orduz.
Ohiko atalak ere baditu: Korrika Laguntzaile txartela txertatuta dakar, eta aplikazioaren baitan eramateko aukera eskaintzen du, mugikorrean bertan. Horrez gain, astero Korrika Laguntzaileen arteko zozketak (eta, noski, irabazleak) erakusten dira bertan.
Aplikazioak aukera ematen du Korrikaren inguruko jakinarazpen garrantzitsuenen berri jasotzeko. IOS zein Android bertsioentzat dago eskuragarri, Korrika.eus-en, guztiz doan, eta lasterketa bitartean gerta litekeen edozein gorabeheraren berri ere emanen du.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

Muguruza, Rosalía, Guardiola, Amaia, Llach... en un gran festival por Palestina en Barcelona


