NAIZ

Arabako zentral eoliko egitasmo bat bertan behera utzi du enpresa sustatzaileak

Cluster Vitoria 30kV zentral eolikoaren egitasmoak bertan behera utzi du Savannah Power Solar 14 S.L. enpresak. Araba Bizirik plataformak jakitera eman duenez, ingurumen inpaktuaren adierazpenaren ebazpena kontrakoa izan da, kalte ugari eragingo zituelako.

Hegaztiak haize-errota baten inguruan, Baztanen.
Hegaztiak haize-errota baten inguruan, Baztanen. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Savannah Power Solar 14 S.L. enpresak bertan behera utzi du Araban egin nahi zuen Cluster Vitoria 30kV zentral eolikoaren proiektua. Horrela jakinarazi dio enpresak Lakuako Gobernuari, Araba Bizirik plataformak jakinarazi duenez.

«Horren ondorioz, proiektuaren espedientea itxi eta aurreikusitako zentral elolikoa ez da eraikiko», nabarmendu du Araba Bizirikek, aldez aurretik Cantoblanco eta Laminoria zentral eoliko eta PSFV Vitoria eta PSFV Vitoria Solar zentral fotoboltaikoen egitasmoak ere bertan behera gelditu direla gogoratu aurretik.

Proiektuarekin ez jarraitzeko arrazoia ingurumen inpaktuaren adierazpenaren ebazpena kontrakoa izan dela da. Gauzak horrela, ebazpenean «ingurumen sentibilitate ekologiko handia», «desagertzeko arriskuan dagoen hegazti-faunarentzako habiagune, kolonia, atsedenleku eta babeslekuen dentsitate handia» edo «paisaiarengan eragin handia» gisako esamoldeak azaltzen dira.

«Ez da harritzekoa halako beste proiektu bat baztertu izana, ingurumenarengan eragin ditzakeen ondorioengatik. Berdin dio non eraiki nahi dituzten makroproiektu eoliko eta fotoboltaikoak. Araba osoan zehar hainbeste babestutako eremu daudenez, ingurumen-kaltea onartezina izango litzateke», gaineratu du Araba Bizirikek.

Asko gelditzen dira oraindik

Plataforma honek eskerrak eman dizkio egitasmo honen aurka aktiboki mobilizatu diten elkarte, pertsona eta erakundeei.

«Albiste on honek lasaitzera eraman behar ez gaituela bergogorazi nahi dugu. Cluster Vitoria 30kV proiektua gaur egun Araba mehatxatzen duten ehundik gorako zentral eoliko edo fotoboltaikoetako bat besterik ez zen. Horietako batzuk, tamalez, jada martxan daude, hala nola Labrazako zentral eolikoa. Horregatik mobilizatzen jarraitu behar dugu, guztiak ez badira ere, ahalik eta proiektu gehien baztertuak izateko. Horrela, gaurkoa bezalako albisteetaz gozatzen jarraitu ahal izango dugu», gaineratu du Araba Bizirikek.