
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak Maderas de Llodio enpresako zuzendaritzak aurrera eramandako enplegu-erregulazioko espedientea bidegabea dela adierazi ondoren, batzordeak urrian kaleratutako 35 langile berriz hartzeko exijitu dio lantegiaren jabe den Garnica taldeari.
Izan ere, Laudion ostegun honetan egindako agerraldian azaldu dutenez, «epaia argia da: kaleratze kolektiboa ez dago justifikatuta». «Auzitegiak adierazten du EEE babesteko aurkeztutako datu ekonomikoak enpresak ofizialki auditatu eta erregistratutako kontuekin kontraesanean daudela. Eta zuzendaritzak Laudioko plantan argudiatzen zituen kostuen ustezko igoerak ez dira frogatzen, eta ez zaio alderdi sozialari taldeko beste plantetako kostuei buruz eskatutako informazioa eman».
Gainera, langileen esanetan, «epaiak ondorioztatzen du enpresak alegatutako antolakuntza- eta produkzio- arrazoiak ez direla betetzen, eta horrek gatazkaren hasieratik defendatu dugun jarrera indartzen du» Halaber, epaiak alderdi garrantzitsuetan kontra egiten dio Lan Ikuskaritzaren txostenari».
Zentzu honetan, gogora beharra dago, Lan Ikuskaritzak onartu zituela enpresak aurkeztutako datu ekonomikoak kaleratzeak burutzeko. Baina epaiak argi uzten du arazo ekonomikoak egoeraren araberakoak direla. Gastuek, esaterako, gora egin zuten 2020 eta 2023 urteen artean, baina ordutik jaitsi egin dira. Eta ekoizpenak gora egin zuen iaz.
Egoera honen aurrean, langileek bilera bat eskatuko diete Lan Ikuskaritzari eta beste erakunde ezberdinetako buruei «berriro salatzeko ezin dela onartu enpresek halako neurriak modu bidegabean hartzea eta enpleguaren suntsiketa geldiarazteko beharrezko mekanismoak ez aktibatzea». «Industria-enpleguaren eta lanpostuen defentsa lehentasun instituzionala izan behar da», gaineratu dute.
«Arduraz jokatzeko» deia
Garnicari exijitu diote «arduraz jokatzeko, bere erabakia zuzentzeko eta alderdi sozialarekin negoziatzera esertzeko, Laudioko Maderasen enplegua eta etorkizun industriala bermatuko dituen konponbide bat adosteko».
«Gaur inoiz baino gehiago, enpresaren esku dago gatazka honi behin betiko konponbidea ematea, are gehiago kaleratzeak justifikatzeko alegatutako arrazoiak egiaztatu gabe daudela zehazten duen epaia dagoenean. Ez dago hartutako erabakia objektiboki babesten duen justifikaziorik», nabarmendu du batzordeak, «langileen eskubideak irmotasunez» defendatzen jarraituko duenak.
Ostiral honetan kalera aterako dira Maderas de Llodioko langileak, Tubos Reunidoseko langileekin batera, SOS Aiaraldeak Amurrion antolatutako mobilizazioan. 19.00etan hasiko da, San Jose auzoko biribilgunetik.

¿Guerra sucia o gamberrada macabra? 25 años de la tragedia del Txioka

Fallece la joven de 18 años que cayó desde 30 metros en el Anboto

El relevo de Xabier Lapitz por Miriam Duque en ‘En Jake’ genera controversia en redes

El revuelo en la diócesis de Donostia por el veto a las cenas solidarias llega a Insausti

