Beñat Zaldua
Iritzia saileko arduraduna / Coordinador de la sección de opinión

Energia kontsumoa %45 murriztu eta gutxienez %50 Euskal Herrian ekoitzi

Stop Fosilak sareak atzo, Hernanin, ‘Euskal Herria energia burujabetzarantz: 2050 agertokia’ dokumentua aurkeztu zuen. Neutraltasun klimatikoa eta burujabetza energetikoa dauka ardatz proposamenak. 

Lorea Flores eta Gorka Laurnaga, atzoko aurkezpenean.
Lorea Flores eta Gorka Laurnaga, atzoko aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU)

Euskal Herriak 2050. urtean neutraltasun klimatikoa lortuko badu, egungo energia kontsumoa %45 murriztu beharko du. Eta helburua burujabetza energetikoa bada, kontsumitzen duen energiaren %50 gutxienez hemen lortu beharko litzateke, energia berriztagarrien bidez. Bi zifra horiekin proposatu zuen helburua Stop Fosilak sareak atzo, Hernanin, ‘Euskal Herria energia burujabetzarantz: 2050 agertokia’ dokumentuan jaso duena.

Abiapuntuan ez dago tranpa egiterik. Egoera latza da. Euskal Herriak 80 TWh kontsumitzen ditu urtero –azken kontsumoa–. Horietatik soilik laurden bat da energia elektrikoa –eskala handian berriztagarrien bidez lor daitekeena–, eta gainerakoaren %90 inportatutako erregai fosilen bidez lortzen da. Elektrikoa den laurden horren %27 baino ez zen iaz tokiko iturri berriztagarrien bidez lortu.

Bide luzea du oraindik trantsizio energetikoak gurean, baina lurralde guztien abiapuntua ez da berdina. Euskal Autonomia Erkidegoak 837 GWh argindar berriztagarri sortu zuen iaz, eta 15.043 GWh kontsumitu zuen. Nafarroak 4.458 GWh sortu zuen, eta 4.873 GWh kontsumitu.

Neutraltasunaren bidea

Stop Fosilak sareak Europa mailan landutako Clever eszenatokiak ekarri ditu gurera, «planetaren muga biofisikoen barruan bizitza duinak» bermatuko dituen agertokia lantzeko. Ibai Azparrenek aurreko orrialdeetan elkarrizketatutako Nicolas Taillardek aurkeztu zituen atzo Hernanin Clever eszenatokiok. Esan dezagun hemen, proposamen zehatzean sartu aurretik, hiru printzipio nagusi dituela: nahikotasuna, eraginkortasuna eta berriztagarriak (NEB).

Nahikotasunak energia kontsumoaren egiturazko kausei erreparatzen die, eta eskaria murriztuko duten politikak ditu helburu nagusi. Eraginkortasunak energiaren eraldaketa prozesuekin du zerikusia, galeren murrizketa bilatzen du eta kontsumoen elektrifikazioarekin oso lotuta dago. Bi printzipio hauek energia kontsumoaren murrizketarekin harreman zuzena dute. Hirugarrenak, ordea, kontsumitzen denari erreparatzen dio, energia berriztagarri eta lokalak baliatu behar baitira erregai fosilak ordezteko.

Kontsumoak ia erdira jaitsi

Nahikotasuna eta eraginkortasuna bidelagun, Stop Fosilak sareak aurkeztutako agertokian, egun urtero kontsumitzen ditugun 80 TWh horiek %45 murriztu behar dira, 2050. urtean 44 TWh izan daitezen.

Horretarako, garraio sektorean aurreikusten ditu murrizketa handienak -28 TWh-tik, 10,1era-, eta industria eta nekazaritzan, txikienak -33,6 TWh-tik, 24,9ra-. Horrela azaltzen dute plazaratutako agirian: «Garraioari lotutako energia kontsumoa murrizteko potentziala handiagoa da, mugikortasun ereduan eraldaketa esanguratsuak egin daitezkeelako eta elektrifikazioaren bitartez efizientzian jauzi handia egiten delako. Industriaren kasuan, berriz, enplegua dago jokoan eta, gainera, tenperatura altuko prozesu termikoak elektrifikatzeko zailtasuna dela eta, efizientzia ez da hain handia».

Etxebizitzen kontsumoetan eta zerbitzuen sektorean ere murrizketa nabarmenak aurreikusten dituen proposamenaren arabera, 2050. urtean energia kontsumo osoaren bi heren izan beharko litzateke argindarra –orain laurden bat baino ez da–.

Burujabetzarako, berriztagarriak

Proposamenaren azken atalean heltzen dio Stop Fosilak sareak berriztagarrien hedapenari, datu zehatzak emanda. Hori baino lehenago, markoa: «Burujabetza energetikoak definitzen du, neurri handi batean, Euskal Herriaren erresilientzia, ezegonkortasun eta ziurgabetasun handiko testuinguru geopolitiko batean». Eta burujabetza hori «eolikoaren eta fotovoltaikoaren hedapenean oinarritu behar» dela uste du, horiek baitira, bizi ziklo osoa kontuan hartuta, «ingurumen aztarna txikienetakoa duten teknologiak, bai eta merkeenak ere».

Printzipioak ezarrita, gutxienez %50eko energia burujabetza lortzeko, eolikoaren bidez, urtean 10,4 TWh argindar eskuratzea proposatzen dute. Horretarako, 3.500 MWekoa izan beharko litzateke instalatutako potentzia. Fotovoltaikoaren bidez beste 10,4 TWh proposatzen dituzte; 5, autokontsumoaren bidez; eta 5,4, lurrean jarritako instalazioekin. Horrek 3.400 MWeko potentzia eskatzen du lurrean, eta 5.000 MWekoa teilatuetan.

Eszenatoki anbiziotsuago bat ere aurkezten du dokumentuak. 2050ean kontsumo elektriko osoa bertan berriztagarriekin ekoizteko -energia kontsumo osoaren bi heren-, 4.800 MWeko potentzia instalatu beharko litzateke eolikoan; 5.600 MW, lurreko fotovoltaikoan; eta 5.000 MW, teilatuetako fotovoltaikoan.

Non eta nork?

Estatu espainoleko autonomia erkidegoen ahalmen eolikoa neurtzen duen ikerketa baten arabera, Hego Euskal Herriak 17.000 MWeko potentzia eolikoa instala dezake, ingurumen sentsibilitate handiko guneak babestuz eta baliabide eoliko onak aprobetxatuz. 4.800 MWekin, ordea, nahikoa litzateke, eskema honetan, kontsumo elektriko guztia estaltzeko, Stop Fosilak sarearen arabera.

Fotovoltaikoari buruz, eszenatoki horretan 12.000 hektarea okupatu beharko liratekeela dio dokumentuak, eta egun baso-landaketek EAEn hartzen dituzten 200.000 hektareekin alderatzen ditu. Guztira, argindar guztia bertan ekoizteko, Hego Euskal Herriko lurraren %2,4 hartuko lituzkete instalazio berriztagarriek.

Eta nork jarriko lituzke? Dokumentuan kontsulta daitezkeen printzipioetan agertzen dutenez, instalatutako potentziaren %50 jabetza publiko-komunitariokoa izatea proposatzen du Stop Fosilak sareak, eta zifrak jartzen dizkio horretarako beharrezkoa den inbertsio publikoari: 7.500 milioi euro %50eko burujabetza agertokian, eta 11.500 milioi, bi herenen agertokian.

Asko falta da?

Bai. Nafarroak zati bat aurreratua du eolikoaren kasuan, %50eko burujabetza lortzeko beharko lukeen eolikoaren %42 instalatua baitauka. Fotovoltaikoaren %11 baino ez, ordea. EAEn are kaskarragoak dira zifrak. Eolikoaren %10 baino ez dago instalatuta, eta fotovoltaikoaren %5.