NAIZ

Sabino Ormazabali Gladys Enean egingo diote agurra ostiral honetan

Ostiral honetan egingo diote lagunek azken agurra Sabino Ormazabali. Gladys Enea parkeko kaperak izango da, arratsaldeko 18.00etan. Gizarte mugimenduetan, bakearen eta kazetaritza independientearen alde eginiko lanagatik izan da ezaguna Ormazabal, balio horiei loturik eta kantuan agurtuko dute.

Sabino Ormazabali azken agurra ostiral honetan egingo diote.
Sabino Ormazabali azken agurra ostiral honetan egingo diote. (Juan Carlos Ruiz | FOKU)

Itzal handiko pertsona izan da Sabino Ormazabal militante bakezale eta ekologista, eta bere heriotzak ere itzal handia utzi du senide, lagun eta kideen artean. Horren adibide da azken egunetan zenbat eta zenbat euskal herritar igaro diren beilatokitik gertukoei beren samina adierazi eta Ormazabal agurtzera. 

Kantuan joan zen Ormazabal eta egun hauetan kantuan gogoratu dute beilatokian ere, hala eta guztiz ere, txiki geratu da, eta ostiral honetan aire librean egingo diote agur ekitaldi irekia. Militante ekologista agurtzeko leku ezin aproposagoa hautatu dute: Gladys Enea parkea, eta zehaztu dute Cristina Enea fundazioaren eraikinaren alboan badagoela kapera bat, eta bertan izango dela, arratsaldeko 18.00etan. 

Gertukoen hitzak eta kantuak, horiek ezinbestean izango dira parkean, halakoxea izan baita Ormazabalen bizitza ere; Euskal Herriko gizarte mugimenduetan, kazetaritza independentean eta eskubideen eta bakearen alde egindako lanagatik ezaguna.

Ibilbide oparoa eta konprometitua izan da Ormazabalena, kazetari lanetan ibilbide luzea egin zuen ‘Egin’en hasi, ‘Euskadi Información’en jarraitu eta GARAren sorreran zein lehen urratsetan parte hartuz. Gaztetatik hartu zuen parte mugimendu ekologistan eta Gladys del Estalen heriotzak asko eragin zion, heriotza horren lekukoetako bat izan baitzen Tuteran.

2000ko urrian, Baltasar Garzón epailearen aginduz atxilotu zuten, gero 18/98 makro-epaiketa izango zenaren pieza baten barruan. Joxemi Zumalabeko zuzendaritzako kide izatea leporatuta atxilotu zuten. Ondorenera, Bidea Helburu taldearen zein Demagun Hausnarketarako Taldearen bultzatzaileetako bat izan zen Ormazabal, indarkeria-ez aktiboa eta ekintza zuzen baketsuak defendatuz. Eta azken urteetan ahalegin berezia egin zuen biktima guztien aitortzan eta memoriaren berreskuratze lanetan. Argituz giza eskubideen elkarteko kide ere izan da.