Iñaki Soto

Sabino Ormazabal, Euskal Herria maite zuen bakezale amorratua, zendu da

Euskal Herriko gizarte mugimenduetan, kazetaritza independentean eta eskubideen eta bakearen alde egindako lanagatik ezaguna zen Sabino Ormazabal Elola hil egin da astelehen honetan, familiak baieztatu duenez.

Sabino Ormazabal, 2003ko agerraldi batean.
Sabino Ormazabal, 2003ko agerraldi batean. (Andoni Canellada | Foku)

Larunbat honetan, kantu jiran zegoela, Sabino Ormazabal (Donostia, 1953) ondoezik sentitu eta erori egin zen, kolpea hartuz. Ospitalera eraman zuten eta, berpizteko ebakuntza egin bazioten ere, azken orduetan zendu da, familiaren eta ezagunen artean bapatekotasun horrek beti uzten duen harridura utzita.

Euskal prentsari, bakezaletasunari eta memoria historikoari bizitza eskainita joan da. Komunitatean eta kantuz esan du agur; ez da gutxi.

Kazetaritza konprometitua eta herri egunkariak

Sabino Ormazabal kazetari lanetan ibilbide luze eta oparoa egindakoa da. ‘Egin’ egunkarian hasi zenetik, informazioa gizarte eraldaketarako eta kontzientziazio publikorako tresna dela sinistu zuen.

Mugimendu ekologistan ibili zen militatzen, oso gazte zela. Gladys del Estalen heriotza oso presente egon da Ormazabalen ibilbidean, militante ekologista Tuteran hil zutenean bera lekuko izan zelako. Ildo horretan, eta kazetaritzatik, ‘Egin’eko ‘Ingurugiro’ gehigarria koordinatzen aitzindari izan zen.

‘Egin’ itxi zutenean, bertako lankideek ‘Euskadi Información’ sortu zuten, herriaren babesarekin. Ormazabal oroitu zen Bidebietan bazegoela inprenta zahar bat zuen pertsona bat. Honela lortu zuten traumaren osteko lehen egun horretan egunkari berri bat kaleratzea. Ondoren, GARA egunkariaren sorreran eta lehen urratsetan parte hartu zuen, iritzi sailean zein artikulugile gisa.

Ordurako estrategia politiko-militarretik aldenduta egon arren, eskubideen aldeko borrokan jarraitzeko grina erakutsi zuen. Toki guztietan deseroso eta hein batean arrotz, garai zailak izan ziren Ormazabalentzat. Gainera, euskal militanteen aurkako errepresioak ez zuen etenik.

Desobedientzia zibila eta 18/98 sumarioaren injustizia

2000ko urrian, Baltasar Garzón epailearen aginduz atxilotu zuten, gero 18/98 makro-epaiketa izango zenaren pieza baten barruan. Sabino Ormazabal Joxemi Zumalabe Fundazioko zuzendaritako kide izateagatik atxilotu zuten, hain zuzen ere.

Nazioarteko zein euskal gizarteko hainbat eragilek salatu zuten epaiketa haren izaera kafkiarra eta neurrigabea. «Dena ETA da» tesi politikoaren babespean, ETAren aurka zeudenak ere atxilotu eta kondenatu zituen espainiar Estatuak. 9 urteko zigorra jaso zuen Ormazabalek. Epaiketa bera latza izan zen, luzea eta oso gogorra.  

Espetxeratze horren aurrean, bere bide propioa landu eta kontzientzia preso gisa aldarrikatu zuten bere figura, berak defendatzen zituen balio bakezaleei eutsita. 2009ko maiatzaren 26an Auzitegi Gorenak Ormazabal absolbitu egin zuen, Joxemi Zumalabeko beste kideekin batera.

Katea, ordea, ez zen guztiz askatu. Garai berean, bere semea Markel Jarrai-Haika-Segiren sumarioan auzipetua izan zen, 2007tik 2013ra arte Toledoko Ocañan espetxeratua egon zen.

Urte bereziki zailak izan ziren Sabino Ormazabalentzat: bere bikotekideak, Maixabel Gaztañagak, gaixotasun larria pairatu zuen eta zaintza lanetan burubelarri izan zen, bere ondoan. 2015. urtean hil zen Gaztañaga.

Bidea Helburu eta Argituz: Bizikidetza eta memoria

«Bakezaletasun» hitza hain perbertitua izan den herri batean, bakezale izendatzea ez da erraza. Ezta bakezaletasun hori zintzoa izan daitekeela erakustea ere. Bidea Helburu taldearen zein Demagun Hausnarketarako Taldearen bultzatzaileetako bat izan zen Ormazabal, indarkeria-ez aktiboa eta ekintza zuzen baketsuak defendatuz. Antimilitarismoaren eta intsumisioaren eredugarritasuna bide politiko berriak eraikitzeko aukera gisa ulertzen zuen Ormazabalek.

Azken urteetan, ahalegin berezia egin zuen biktima guztien aitortzan eta memoriaren berreskuratze lanetan. Ildo horretan, Ormazabal Gasteizko Legebiltzarrak bultzatutako Poliziaren Abusuen Biktimen Ebaluazio Batzordeko kidea izan da, gizarte zibilaren ordezkari gisa.

Argituz giza eskubideen elkarteko kide ere izan da. Bertan lan eskerga egin zuen udalerri ezberdinetan. Errenterian egindako ibilbidea aipagarria da. Errenteriako Udalarekin eta bertako eragileekin batera, indarkeria ezberdinek utzitako biktimen eta giza eskubideen urraketen ikerketa eta dokumentazio lana bultzatu zuen. Errenterian sufrimendua aitortzeko eta elkarrizketarako espazioak zabaltzea lortu zuten.

Lasarte-Orian, Elgoibarren, Arrasaten eta Andoainen ere aritu zen giza eskubideen urraketak biltzen eta memoria oso baten alde lanean. Esperientzia hauen liburuak idatzi zituen, beste batzuekin batera.

Ormazabalen pentsamendua idatzitako liburuetan dago bilduta. Horren adibide dira, besteak beste, ‘Indarkeriarik gabeko 500 ekintza. Historia kontatzeko beste modu bat’ (Robles-Arangiz Fundazioa, 2009) eta bere azkena, ‘Kritikak-autokritikak, keinuak eta zubiak’ (2025, Artituz). Dokumentalgintzan ere ibili zen, adibidez Bertha Gaztelumendiren ‘Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa’ filmaren gidoia idazten.

Lagunek eta berarekin lan egin dutenek azken agurra emango diote datozen egunetan.