Entzierroko hesiak jartzen hasi dira Iruñean, Sanferminetarako hilabete falta dela
Sanferminetarako atzera kontaketa hasi da Iruñean. Gaur goizean ekin diote entzierroko hesiak jartzeari, Santo Domingon.
Sanferminetarako hilabete pasatxo falta dela, Garesko Hermanos Aldaz aroztegiko langileek entzierroko hesiak jartzeari ekin diote gaur goizean.
Zezenak ateratzen diren Santo Domingoko ukuiluan hasi dira hesiak jartzen langileak eta, pixkanaka, ibilbide osoa osatuko dute festak hasi aurretik.
Iñigo Aldazek azaldu duenez, guztira 2.700 ohol jarriko dituzte, 900 zutoin, 150 oholesi, 4.000 ziri eta 80 ate.
Bost langile ariko dira muntaketa lanetan egun hauetan. Sanferminetan, ordea, 75 pertsona behar izaten dira eguneroko lanetarako.
Hesiak jartzearekin batera, entzierroetan hil diren korrikalarien omenezko oroigarria jarri dute Udaletxeko Plazan.