INFO

Nepalgo zortzimilakoen zerrenda ofizialak sei kide berri ditu

Duela pare bat urte iragarri bezala, Turismo Sailaren webgunea sei tontorrekin berritu da. Guztiak ala guztiak Kangchenjungako eta Lhotseko mendiguneetan kokatuta daude. Erabaki hori UIAAren onespenaren zain dago.

Nepalek sei zortzimilako gehitu dizkio zerrenda ofizialari. (Himalayan Guides)

Nepalgo zortzimilakoen inguruan sortu den azken berriak ez du inor ezustean harrapatu. Duela pare bat urte herrialde horretako Turismo Sailak zera iragarri zuen: «Adituen arabera, Nepalek sei zortzimilako gehiago ditu». Eta orain abisua bete egin du. Bere webgunea berritu eta honako sei tontor, orain arte bigarren mailakoak, azaltzen dira: Yalung Kang (8.505 m), Mendebaldeko Yalung Kang (8.077 m), Erdiko Kangchenjunga (8.473 m), Hegoaldeko Kangchenjunga (8.476 m), Erdiko Lhotse (8.410 m) eta Lhotse Shar (8.400 m). 

Gogora dezagun Nepalek hamarraldi luzea daramala gai horren inguruan berriak eskaintzen. 2013an, adibidez, Nepalgo Topografia Sailak aldarrikatu zuen herrialde horrek, zortzi zortzimilako izan ordez, hamalau zituela. Urteen poderioz, gai hori lantzen joan dira eta txosten mardulak argitaratu dituzte: «Ikerketa guztiek baieztatzen dute guk esaten duguna. Topografoek, geografoek… den-denek bat egin dute gure emaitzekin. Gure herrialdean dauden hamalau zortzimilakoen mapa berri bat osatu dugu, baina, momentuz, gure Gobernuak ez du gure aldarrikapena onartu».

Adierazpen horiek duela pare bat urtekoak dira, eta orain Turismo Sailak indarrean jarri du aipatu dugun erabakia. Hori gutxi ez, eta eragile horrek UIAAri eskatu dio onar dezala aspalditik duen aldarrikapena. Alpinismoko eta Eskaladako Nazioarteko Federazioak, berriz, ez du erantzunik eman. Eta ez da espero eskakizun horrekin bat egingo duenik. Izan ere, iaz erakunde horren Mendizale Batzordeak agiri baten bitartez esan zuen UIAAk zortzi mila metrotik gora dauden hamalau gailur klasiko onartzen dituela: «Gure ikerketek eta irizpideek hori diote. Alabaina, Nepalek eskubide osoa du iritzi honekin bat ez egoteko eta bere herrialdean sei zortzimilako berri zerrenda ofizialari gehitzeko».

Irizpideak

Nepaldarren ikerketen arabera, sei zortzimilako berri horiek berezko entitatea dute: «Bi mendien artean 500 metroko distantzia badago eta partekatzen ez dituzten ibilbide bat baino gehiago badituzte, orduan bata eta bestea independenteak dira». Zalantzarik gabe, sei zortzimilako berriek irizpide horiek betetzen dituzte.

Nazioarteko erakundeak, berriz, Alpeetako laumilakoen gaiarekin egin zuen bezala, mahai gainean beste irizpide bat jartzen du: irtengunea. UIAArentzat oinarrizko irizpidea da: «Mendi independente bat izateko, 300 metro edo gehiagoko irtengunea izan behar du». Irizpide hori ez da zortzimilako berrietan betetzen. Yalung Kang-ek irtengune handiena du: 135 metro. Txikiena, aldiz, Mendebaldeko Yalung Kang-ek: 32 metro.

Bestalde, ahots batzuek diote eztabaida geografiko horren atzean turismo interesak daudela. Nepalek aitortzen du erabaki berriarekin herrialdeko turismoak diru-sarrera handiagoa jasoko lukeela: «Gure aldarrikapena nazioartean onartzen bada, bide onetik joango gara. Mendizaleak errekor eta balentria berrien atzetik daude, eta gailur horietarako baimenak eskatuko lituzkete».

Kontua da zortzimilako horiek igotzeko baimenak egun indarrean daudela. Ez dagoena momentuz oso argi da Nepalgo agentziek sei zortzimilako horietan espedizio komertzialak antolatuko ote dituzten. Hortaz, luzerako gaia dugu.

Laburbilduta, Katmanduko Administrazioaren arabera munduan hamalau ez, baizik eta hogei zortzimilako egongo lirateke. Eta Nepalen zortzi izan ordez, hamalau.