INFO

Apirilaren 4rako aurreikusita zegoen familia baten etxegabetzea atzeratu du Caixabankek

Caixabank Azet sindikatuarekin jarri da harremanetan ostegun honetan Zurbaranbarriko familia baten etxegabetzeari buruzko «negoziazio bidea» zabaltzeko. Momentuz, apirilaren 4rako aurreikusitako utzarazpena ez da gauzatuko, baina ukatu dute alokairu soziala luzatzea.

Azet sindikatua mobilizazioa deitu du ostegun honetan la Caixaren egoitzaren aurrean. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Bilboko Zurbaranbarri auzoan apirilaren 4rako aurreikusita zegoen etxegabetzea ez da gauzatuko, Azet sindikatuak ostegun honetan jakanarazi duenez. Gaur bertan jaso dute albistea, kasua salatzeko deitutako prentsaurrekoa baino ordu batzuk lehenago. Hala ere, bankuak ez die ziurtatu «data berri bat jarriko ez dutenik».

Azet etxebizitza sindikatua, Kaixo Konpartsa, Uribarri Prest Plataforma Soziala, Pituxka Talde Feminista eta Zurbaranbarriko Jai Batzordea ostegun honetan Caixabankek Bizkaiko hiriburuko plaza Biribilean daukan egoitzaren aurrean egin dute elkarretaratzea apirilaren 4rako aurreikusita zegoen etxegabetzea salatzeko, eta gaur bertan jaso dituzten «azken berriak» jakinarazteko.

Familiaren izenean hitz egin duen senidearen arabera, «arazoak 2011n hasi ziren, etxera bakarrik soldata bat sartzen zelako». Horrek Laboral Kutxarekin zorra sortu zuen 2014an eta hori aurrera egiteko, familiak erabaki zuen etxea birhipotekatu Nafarroako Kutxarekin eta «urtetan zehar kuotak ordaintzen joan ginen».

Hala ere, Caixabankek Nafarroako Kutxa xurgatu zuenean, «hasi ziren arazoak». Etxegabetzearen lehen mehatxuak 2014an heldu ziren. Momentu horretan, Caixabankek eskaini zion familiari zorra kentzea etxearen truke eta han geratu ahal ziren hiru urtero birnegoziatu behar zen alokairu soziala ordainduz. 2017an kontratua berritu ondoren, 2021ean etxearen jabetza Building Center Caixabanken etxe-agentziaren eskuetara pasa zen, zeinek ez zuen nahi familiarekin zeukan akordio luzatu.

«Negoziazio bidea»

Familiak alokairu ordaintzen jarraitu zuen zuzenean epaitegian, prozedura judiziala aurrera eramaten zuten bitartean. Azkenean, joan den martxoaren 6an etxegabetze-agindua bidali zuten, apirilaren 4rako aurreikusita.

Ostegun honetan bertan, prentsaurrekoaren aurretik, Caixabank Azet sindikatuarekin jarri da harremanetan familiari «negoziazio bidea» zabaltzeko eta hurrengo asteko utzarazpena bertan behera uzteko. «Hala ere, momentuz ez dute etxegabetzea behin betiko gelditu eta hori da eskatzen duguna», jakanarazi dute. Zentzu honetan, bankuak ez du alokairu soziala luzatu nahi izan eta, beraz, «ez digute ziurtatu data berri bat jarriko ez dutenik».