Gasteizko Korda espazioa kaleratze arriskuan dagoela salatu dute
Gasteizko Pintore kalean dagoen Korda espazioa kaleratze arriskuan dagoela salatu dute Herrizoma Elikadura Sareak, Zaharraz Harrok eta Auzoan Bizi Etxebizitza Sareak. Ohartarazi dutenez, Udalak eraman nahi du aurrera kaleratzea.
Herrizoma Elikadura Sareak, Zaharraz Harrok eta Auzoan Bizi Etxebizitza Sareak ohartarazi dutenez, Gasteizko Udalak eta 21 Zabalgune hirigintza agentziak hustu nahi dute Pintore kalean dagoen Korda espazioa.
Ohar batean gogoratu dutenez, «lokalak denbora zeraman hutsik Korda bihurtu genuen arte. 2022ko ekainak 27an Zaharraz Harrok, Herrizomak eta Auzoan Bizik autogestioa, elkarlaguntza eta auzodefentsa ardatz hartuta herri egiturak garatzeko eta indartzeko espazioa errekuperatu genuen, inolako erabilerarik ez zuen espazioa auzoarena eginez».
«Martxoaren 20an heldu zitzaigun zitazio zedula batek jakinarazi digunez espazioa desalojo arriskuan dago, oraindik horretarako datarik jarri ez duten arren», ohartarazi dute, eta lokalaren jabetza 21 Zabalgune Udal Hirigintza agentziarena dela gogoratu dute.
Zentzu honetan, agentzia horren jabetzakoak diren auzo, eraikin, pisu zein lokalak ugariak direla adierazi dute, «eta horietariko asko hutsik daude, asko eta asko abandonaturik eta egoera oso txarrean».
«Korda ere hutsik eta egoera txarrean topatu genuen. Espazioa berritu, eta erabilera komunitario eta politikoa ematen jardun dugu azken hiru urteotan; bertan hitzaldi, ginkanak, tailerrak, asanbladak, bilerak, antzerkiak, bazkariak, topaketak eta bestelakoak egin ditugu, auzoko eragile ugarik erabili dutelarik», gaineratu dute.
«Horregatik defendatuko dugu Korda, auzoak berreskuratutako lokala ez dadin merkatuaren logikara bueltatu, herri egituren eta auzoko komunitate antolatuaren mesedetan jarrai dezan. Ensanche 21 Zabalguneak zein Udaletxeak jabetza pribatua eta negozioa babesten duten bitartean, guk, gurea dena berreskuratu eta defendatuko dugu. Etxebizitzak eta lokalak, erabiltzen dituenarentzat!».