Euskal selekzioak bost domina ekarri ditu Bertikalen Espainiako Txapelketatik
Villanuan jokatutako Fedme-ren hitzordu ofizialean, nagusietan, Onditz Iturbek bigarren postua lortu zuen eta Paul Ormaetxeak hirugarrena. Taldeka, neskek zein mutilek zilarra sinatu zuten seniorretan. Promesa mutiletan, berriz, urrea.
Eskaladako eta Mendi Kiroletako Espainiako Federazioak (Fedme) Villanuara eraman zuen trail running-eko proba nagusi bat. Hain zuzen ere, Bertikalen Espainiako Txapelketa. Collaradako 2KV lasterketak jaso zituen espezialista asko. Halere, aurtengo ekitaldian bi kilometro bertikal (Espainiar Estatuan dagoen bakarra) izan ordez, kilometro batekoa izan zen.
Kontua da azken hilabeteotan Collarada mendiak elur asko pilatuta izan duela, eta baldintza horiek ikusita antolatzaileek ibilbide laburragoa egitea erabaki zuten. Jakina, korrikalarien segurtasuna bermatu ahal izateko. Hortaz, proba horrek 5 kilometro eta 1.000 metroko desnibela izan zituen.
Aldaketa horretaz gain, antolatzaileak beldur ziren eguraldiarekin. Lainotua egon zen, baina ekaitzaren mehatxua nahiko indartsua zen. Alabaina, lasterketa gorabeherarik gabe egin zen, eta soilik helmuga puntuan haizete desatsegina egon zen. Denera, 320 lehiakidek hartu zuten parte, eta Villanuako irteera puntura 14 selekzio aurkeztu ziren. Euskal Mendizale Federazioaren euskal selekzioari dagokionez, aurreratu behar dugu bost podium erdietsi zituela.
Seniorren kategorian, nesketan, Laia Montoya azkarrena izan zen 51:13 denborarekin. Onditz Iturbek bigarren postua sinatu zuen; irabazlearengandik 17 segundora helmugaratu zen. Leire Elola zortzigarrena izan zen. Mutiletan, berriz, Fabian Venerok irabazi zuen 43:20 kronoarekin. Paul Ormaetxeak goi-mailako hirugarren postua sinatu zuen; garaileak 16 segundoko aldea atera zion. Postu horiei guztiei esker, euskal selekzioak zilar bana eskuratu zuen taldeka; hots, nesketan zein mutiletan.
Bestalde, promesa kategorian, euskal ordezkariak oso indartsu lehiatu ziren. Mutiletan, horietako lau lehen hamarren artean sailkatu ziren: Aitor Ugarte (4), Ibai Angulo (6), Ibon Badiola (7) eta Ibai Cebrian (9). Irakurtzen den bezala, ez zuten podiumik lortu, baina pilatutako puntuei esker talde hori urrearekin egin zen.
Bertikalen Espainiako Txapelketaren emaitzekin amaitzeko, Alluitz de Bilbao laugarren postuan sailkatu zen juniorretan, eta Pello Ziarsolo zortzigarrena jubeniletan.
Etxean
Euskal Herrian ere, joan den asteburuan hainbat lasterketa jokatu ziren. Horietatik bi aipatuko ditugu. Tolosako Hiru Tontorrak (T3T) probari dagokionez, aurreratu behar dugu bezperako uholdeek eta luiziek ibilbidea aldatzera behartu zutela. 43 kilometrokoa jokatu ordez, 30koa antolatu zuten. Bederen, lasterketaren egunean korrikalariek baldintza nahiko ‘egokiak’ izan zituzten: euri langarra, hezetasuna eta tenperatura freskoak.
Nesken kategorian garaipena etxean geratu zen; izan ere, Sarah Ugarte azkarrena izan zen 3:23:47 denborarekin. Tolosarraren atzetik Ane Mendizabal sailkatu zen bigarren postuan (9 minutura) eta Leire Olazabal hirugarrenean (16 minutura). Aitor Blancok, berriz, erakutsi zuen mutilen artean sasoikoena izan zela. Txantreako korrikalaria lehena izan zen Tolosan 2:42:39 kronoarekin. Ander Amonarriz gertu izan zuen, hots, bi minutura. Hernaniarrak bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Imanol Kañamaresena hirugarrena izan zen.
Tolosatik Izabara egingo dugu salto Camille Extreme probari buruz hitz egiteko. Distantzia luzeenean (30 km), irabazleen artean egoera berdina bizi izan zen. Hots, garaileek lasterketa osoa kontrolatu zuten. Irati Azkargortak bigarren urtez jarraian irabazi zuen 3:48:06 denborarekin. Ainara Alcuazek eta Larraitz Etxebestek bigarren eta hirugarren postuak sinatu zituzten, hurrenez hurren. Eta mutiletan, Markel Urgoitia izan zen lehena (3:07:39), Asier Labairu bigarrena eta Ander Roncal hirugarrena.