INFO

Osasun zentroko gehiegizko beroa salatzeko elkarretaratzea egin dute Etxebarrin

Elkarretaratzea egin dute Etxebarriko osasun zentroan, ELA eta ESK sindikatuek deituta, erabiltzaileek zein langileek udan jasan behar dituzten tenperatura altuak salatu eta Osakidetzari konponbidea eskatzeko. Azaldu dutenez, osasunerako arriskutsuak dira egunotan izan diren tenperaturak.

Basauriko Osasun Zentroan ere tenperatura altuak izaten ari dira. (ELA)

ELAk eta ESK-k elkarretaratzea egin dute gaur Etxebarriko osasun zentroan, erabiltzaileek zein langileek udan jasan behar dituzten tenperatura altuak direla eta protesta egiteko. Salatu dutenez, aspaldiko arazoa da osasun zentroetako gehiegizko beroarena eta Barrualde Galdakao ESIn prebentzio neurririk ez dagoela ere gaineratu dute. Satse sindikatuak ere salatu du arazoa.

«Egoera hori urtez urte errepikatzen da, gero eta modu bortitzagoan, eta Barrualde ESIko Zuzendaritzak eta Osakidetzak ez dute neurririk hartzen herritarren eta langileen osasuna bermatzeko», deitoratu dute mobilizazioan. Halaber, azpimarratu dute beharginek lanaldi osoa ematen dutela tenperatura oso altuekin lanean.

Hain zuzen, ELAren eta ESKren arabera, Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legean ezarritako tenperaturak gainditzen dira sarritan osasun zentroetan, baina, hala ere, ez da neurketarik egin, «prebentzio ordezkariek behin eta berriz eskatu duten arren».

Adierazi dute Osakidetzaren erantzuna dela arazoa «aztertzen» ari direla, «mantentze-lanen esku» dagoela, obrak «zailak» direla edo ezin direla pinguino deituriko airea hozteko aparailu gehiago jarri, duen elektrizitate-gastuagatik.

Hori horrela, jakitera eman dute Basauriko anbulatorioko korridoreetan beroak sinkopeak eragin dizkiela pazienteei eta Urduñan osasun zentroa itxi behar izan dutela langileek, gehiegizko beroa egiten zuela eta.

Narriadura eta inbertsio falta

Osakidetza pairatzen ari den «narriaduraren eta inbertsio faltaren» testuinguruan kokatu dute arazoa eta gaineratu dutenez, «bereziki nabarmena da Lehen Arretan». Halaber, gogora ekarri dute iaz ere beroarekin arazo larria izan zutela Basurtuko Ospitaleko erditze zerbitzuan, langileek zein erditzera zioazen emakumeek 38 graduko tenperaturak pairatu behar izan baitzituzten.

Hori dela eta, hurrengo beroaldia heldu orduko auzia konpontzeko neurriak hartu ditzala galdegin diote Osakidetzari.