Iker Bizkarguenaga
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

‘Peixoto’ hil da: euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

Jose Manuel Pagoaga, ‘Peixoto’, militante abertzale ezaguna hil egin da. Oso gazte zelarik ETAn sartu eta erakundearen ibilbidean aztarna handia utzi zuen, eta herri honen historian mugarri izan diren hainbat gertakari bertatik bertara bizi izan zituen. Estatu-estolderiak larri zauritu zuen 1979an.

Jose Manuel Pagoaga, ‘Peixoto’.
Jose Manuel Pagoaga, ‘Peixoto’. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Kolektibotasun izaera hain markatua duen mugimenduan, non sarritan izen propioak azpimarratzea lotsa pixka bat eman izan duen, badaude arrasto sakona utzi duten profilak, aho batez aitortuak diren ibilbideak. Peixotorena horietako bat da, zalantza izpirik gabe. Azken orduetan hil da, gaixotasun luze baten ondorioz.

81 urterekin zendu da, 1968an utzi zuen bere sortetxera itzuli gabe eta biktima izatearen onarpen ofizialik gabe: ez frantziar Estatuan, ez espainiar Estatuan, ezta Euskal Herrian orain arte. «Hori da ukan duen saria Euskal Herriaren euskalduntasuna, batasuna eta askatasunaren alde bizi osoa ematearengatik. Agian noizbait eta nolabait justizia egina izanen zaio», adierazi dute senideek.

Bere gorpua Baigorriko tanatorioan egongo da astelehen honetatik asteazkenera arte. Azken agurra asteazkenean bertan egingo zaio, Baigorriko Xokoa Plazan, 15.00etan hasita.

Jose Manuel Pagoaga 1944an jaio zen, Franco buru zuten faxistek, Alemania eta Italia lagun, gerra irabazi eta urte gutxira, eta haurtzaroa eta nerabezaroa egoera gordina bizi zuen eta porrot giro mikatza nagusi zen gizarte horretan eman zituen, Arrasateko Musakola auzoko Aranguren baserrian.

Nerabea gazte bilakatzerako, ordea, zerbait aldatzen hasi zen Euskal Herrian, eta berak aldaketa horren lekuko bakarrik ez, protagonista izatea erabaki zuen.

18 urterekin sartu zen ETAn, herriko hainbat lagun eta auzokiderekin batera, artean erakundea bera ere hasiberria zela. Eta elkarrekin egin ziren heldu, ezinbestean. Frankismoa azken hatsa ematetik urrun zegoen oraindik, zurrun eta indartsu, baina hala ere, edo horregatik, zapalkuntza eta errepresioa iraultzarako ongarri ona direlako, asko izan ziren bide hura hartu zuten euskal gazteak.

Peixotok berak horrela kontatu zuen orrialde hauetan, 2021ean egindako elkarrizketan, nola egin zuen borrokarako hautua: «Baserritarrak ginen eta lehen borroka, nahiko latza, euskararekin izan zen. Zeren guk euskara erabiltzen genuen egunerokotasunean. Eta berehala etortzen zen bat ‘habla en cristiano’ esaten. Baina berehala sartzen zen adinekoren bat gure alde. ‘Zer diozu? Bere hizkuntzan ari da’. Orduan konturatu ginen ez geundela bakarrik. Gizon adinekoak gure alde azaldu zirenean izugarrizko eragina izan zuen guretzat. Arrazoia ematea bezala izan zen; jendea bazegoela horren alde egin nahi zuena. Bide horretan saiatzeko grina piztu zigun. Beraz, abertzaletu naiz euskararen eskutik».

Euskararekin abertzaletu eta ETAn sartzeko urratsa eman zuen, orduan. Hasieran tamaina txikiko ekintzekin aritu ziren –dirua bildu, esku-paperak banatu, pintaketak egin...– eta, geroxeago, ikurriñak jartzen. Jauzi handia aro itogarri hartan.

Urte horietan erakundeak gorabehera asko pairatu zituen, ideologikoak eta antolakuntzari zegozkionak, kolektibo baten definizio prozesuari lotuta egon ohi diren xextrak. ETAren V. Biltzarrean (1966an) Peixotok auzi nazionala lehenetsi zuen taldearekin bat egin zuen, baina zatiketa gauzatu eta gutxira atxilotu zuten. Ez zuen, dena den, gatibu denbora asko eman, eta ateratakoan Ekuadorrera joan zen. Bere hitzetan, formazioa sendotzeko xedez.

1979an jazotako atentatuan hil, ez zuten hil, baina erasoaren ondorioz ikusmen gehiena galdu zuen, eta eskua oso kaltetua geratu zitzaion

1971an itzuli zen. Ordurako arras desberdinak ziren Euskal Herria eta erakundea. Denbora tarte horretan, besteren artean, Meliton Manzanas polizia torturatzailearen aurkako ekintza egin zuen ETAk, nahita heriotza egin zuen lehenengoa, eta nazioartean oihartzun handia izan zuen Burgoseko Prozesua izan zen, frankismoak indar erakustaldi gisa pentsatu eta azkenean bueltan etorri zitzaion epaiketa. Errepresioa askoz bortitzagoa zen, eta ordurako armatua zen erakundearen erantzuna, askoz indartsuagoa.

Gatazka beste estadio batean sartuta zegoen, beraz, eta testuinguru horretan ETAk beste zatiketa bat izan zuen, mili eta polimilien artekoa, urte horiek bakarrik ez, frankismoaren ostekoak ere erabat baldintzatuko zuena.

Pagoaga miliekin lerratu zen, eta sasoi horretan burkide izan zituen, besteak beste, Eustakio Mendizabal, ‘Txikia’ –hainbat ekintzatan elkarrekin aritu ziren, Mendizabal 1973ko apirilean hil zuten arte– Txomin Iturbe edo Jose Miguel Beñaran ‘Argala’, herri honen historian merezitako txokoa duten militanteak.

Telesforo Monzonekin harremana

Argala lagun zuela bilerak egin zituen Peixotok norekin eta Telesforo Monzonekin. Bergararra, Jose Antonio Agirreren Gobernuko kide karismatikoa, Ipar Euskal Herrian errotu zen Mexikotik bueltatutakoan, eta errefuxiatu belaunaldi berriarekin harremanak ehundu zituen.

«Monzonek zerbait garrantzizkoa zuenean hitzordua eskatzen zigun eta bi lagun izaten ziren hautatuak berarengana joateko. Halako batean Argala eta biok bidali gintuzten. Sartu eta berehala hasten zaigu oso bero hitz egiten KAS Alternatibaz. Gu txundituta. Txundituta ez, oso pozik. Bukatzeko esaten digu: ‘Uste dut hemendik aurrera zuen eskutik ibili behar naizela’».

Horrela azaldu zuen duela lau urteko elkarrizketa horretan Monzonek eurekin bat egin zuenekoa. Hau ere, mugarritzat har daitekeen erabakia, nolabait bi aro, bi belaunaldi, borroka bakarrean biltzen baitzituen.

Hain zuzen, borroka giroa erabat nagusi zen 70. hamarkadako Euskal Herrian; sutan zeuden kaleak eta irakiten barrenak. Eta estolderia ere, bor-bor. Triple A, ATE eta BVE bezalako hizkien atzean ezkutatuta, Estatuko botereak euskal errefuxiatuak Ipar Euskal Herrian bertan erasotzen hasi ziren. Hainbat heriotza eragin zituzten urte horietan, besteren artean Argalarena, 1978ko abenduaren 21ean.

Argalak berebiziko garrantzia izan zuen Carrero Blanco militar faxista eta espainiar presidentearen aurkako ekintzan –Etxamendi eta Larralderen doinuz eta letraz herri honek gogoz ospatu zuena–, eta bost urte beranduago Madrilek ordaindutako mertzenarioek Arrigorriagako militante sonatua, Monzonen ustez Euskal Herriko lehendakari aproposa izango zena, bonbaz hil zuten.

Galera handia izan zen ETArentzat, eta baita kide eta lagun mina zuen Peixotorentzat. Baina arrasatearra ere ez zen heriotzetik urrun egon. Hiru aste beranduago, 1979ko urtarrilaren 13an, bere kontrako atentatua izan zen. Hil, ez zuten hil, baina erasoaren ondorioz ikusmen gehiena galdu zuen, eta eskua oso kaltetua geratu zitzaion.

«Bide luzean gaude, oso luzean, eta pausoz pauso joan beharko dugu. Gakoa da pauso bakoitzean asmatzea. Ni optimista naiz», esan zuen GARAn 2021ean

Ikusmena galdua izanagatik, gauzak oso argi ikusi, edo somatu izan ditu beti Jose Manuel Pagoagak, eta haren hitzak adi entzun edo irakurri izan dituzte lagunek, gertukoek eta aurkakoek. «Euskaldunon erronka nagusia oraindik elkar hobeto ulertzea dela» nabarmendu zuen azken elkarrizketa horretan.

Eta hau esanez borobildu zuen solasaldia: «Bide luzean gaude, oso luzean, eta pausoz pauso joan beharko dugu. Gakoa da pauso bakoitzean asmatzea. Ni optimista naiz herrian sinesten dudalako eta ikusten dudalako herri-gogoa sendotu egin dela eta zabaldu egin dela; Iparraldean inongo zalantzarik gabe. Baina hori neurtzeko metrorik ez dago, nire sentipenak dira».

Sei hamarkada luzeko borrokak zizelkatutako bihotz baten sentipenak, alegia. Eta hori bada zerbait.