Miren Dobaranek dimisioa eman du Arkautin, Akademian izandako zenbait talkaren ondorioz
Ibilbide laburra egin du Miren Dobaran Hizkuntza Politikakako sailburuordea izandakoak Arkautiko Akademiaren zuzendari gisa. Vocento taldeko egunkariek ostiral honetan jakitera eman dutenez, dimisioa eman du Ertzaintzaren zenbait arduradunekin talka egin ostean.
Miren Dobaranek ez du Arkautiko zuzendari lanetan jarraituko. Erabakia ez da oraindik ofiziala, baina dimisioa eman duela eta Bingen Zupiria Lakuako Segurtasun arloko sailburuak onartu egin duela argitaratu dute Vocento taldeko egunkariek ostiral honetan. Urtebete baino gutxiago eman du karguan lehenik Hizkuntza Politikako arduradun nagusia izandakoak, orduan ere Zupiriaren aginduetara. Dobaranekin batera Arkautiko bigarren kargu nagusia betetzen zuen Amaya Angulok utziko du ardura.
Dirudienez, Arkautin gertatzen ziren hainbat irregulartasun zuzentzeko helburuarekin ekin zion lanari Dobaranek baina asmoa ezin izan du guztiz gauzatu, barruan kontrako jarrerak ageri direlako, «Arkautiko zein Segurtasun Sailaren zenbait botereguneren artetik, eragiteko gaitasun handikoak». Gauzak honela, asteazkenean barne komunikazioa zabaldu zuten Dobaranenk eta Angulok, beren erabakiaren berri emanez. Horretan Akademia eraldatzeko oinarriak jarri dituztela aipatzen dute baina «lekukoa pasatzeko» ordua badela jakinaraziz.
Zupiria buru duen sailetik onartu egiten dute barne desadostasunak izan direla urrats honen atzean. Dobaranek garatu nahi izan dituen aldaketen aurka egin dute Arkautin indar handia duten zenbait sektorek eta Ertzaintzaren arduradunekin ere talkaren bat edo beste izan duela aipatzen da.
Bi kontu zehatz aipatzen ditu albiste honek. Batetik, «era irregularrean» postua betetzen zuten hamar irakasle inguru kargugabetu ditu Dobaranek. Bestetik, Lan Eskaintza Publikoaren azterketetan filtraziorik ez izateko helburuari heldu dio orain arte Akademiaren zuzendari izan denak. Bi neurri hauek ez omen dituzte ondo hartu zentroaren zein Ertzaintzaren itzal handiko zenbait kidek.
Aspaldiko arazoak eta azkeneko proba
Arkautiko Akademiaren norabidearen inguruko zalantzak aspaldikoak dira. Honen adierazle da EH Bilduk kudeatzen dituen zenbait udalek hartutako erabakia, udaltzain izateko deialdiak beren kabuz eginez, Arkautitik aparte eta beste polizia eredu bat lehenetsiz.
Tarteka bazterkeria islatzen duten albisteak ageri dira, Akademiari lotuak: esaterako, 2022. urtean udaltzain izan nahi zuen pertsona batek «oreina» izatearen akusaziopean formakuntza egin ondoren alboratua izan zela salatu zuen (Ertzaintzaren barruan ezker abertzaleko kideak horrela deitu ohi dituzte, mespretxuz).
Aste honetan jakinarazitakoa erantsi behar da: azken Lan Eskaintza Publikoari dagokion azterketa ez du gainditu parte hartu duten ‘ikasleen’ %90ek. Proba teorikoan edota psikoteknikoan porrot egin dute. Bingen Zupiriak nabarmendu duenez, «ertzaina izateko ikasi egin behar da». Adierazpen hau Dobaranek inplementatu nahi izan duen zorroztasun handigoarekin egokitzen da. Hala ere, dimisioa eman duen zuzendariak dio erabakia aurretik hartu zuela, ekainean hain zuzen ere.