INFO

Lide Urrestarazu eta Aitor Ajuria izan dira azkarrenak Gorbeia Suzien Skyrace lasterketan

Urrestarazuk 3:34:16ko denborarekin irabazi du 32 kilometroko lasterketa, Naiara Irigoyen eta Marta Martinezen aurretik. Gizonezkoetan, Ajuriak 3:01:16ko marka ezarri du helmugan, Marcos Villamuera eta Gontzal Murgoitiori aurrea hartuz.

Gizonezkoen podiuma, Zeanuriko helmugan. (GORBEIA SUZIEN)

Aitor Ajuria eta Lide Urrestarazu izan dira gaur goizean jokatu den Gorbeia Suzien 2025 mendi lasterketaren irabazleak. Eguraldi paregabearekin egin den 32 kilometro eta 2.400 metroko desnibel positiboa zuen proban, Aitor Ajuriak 3:01:16ko denborarekin eskuratu du garaipena. Bigarren sailkatua Marcos Villamuera izan da, minutu eta 21 segundora. Eta hirugarren postua Gontzal Murgoitiorentzat izan da, irabazlearengandik minutu eta 43 segundora.

Emakumezkoen lasterketan, aldeak handiagoak izan dira. Lide Urrestarazu izan da azkarrena 3:34:16ko markarekin. Bigarren postua Naiara Irigoyenentzat izan da, ia hamar minutura 3:42:54ko denborarekin. Eta hirugarren postuan Marta Martinez iritsi da, 3:48:17ko denborarekin.

Emakumezkoen lasterketa luzeko podiuma. (GORBEIA SUZIEN)

Aurtengo ekitaldia International Skyrunning Federation (ISF) erakundeak antolatzen duen Skyrunner World Series zirkuituaren barruan kokatuta egon da, eta 21 kilometroko lasterketa ere jokatu da. Distantzia horretan gizonezko azkarrena Finlay Grant izan da 2:01:57ko denborarekin. Podiumeko postuak Aner Zuluagak (2:05:49) eta Hodei Lujanbiok (2:08:17) osatu dituzte.

Emakumezkoei dagokienez, maratoi erdian onena Leire Fernandez izan da 2:27:53ko markarekin. Bigarren Oihane Alonso sailkatu da (2:52:10) eta hirugarren lekuan Uxue Barrutia (2:53:05).