INFO

Araban kalean dauden 42 pertsona itxaron zerrendan daude baliabide bat izateko, dio EH Bilduk

Bazterketa egoeran dauden pertsonei erantzuteko baliabide gehiago eskatu ditu EH Bilduk. Era berean, ohartarazi du inoiz ez dela hainbeste pertsona egon kalean: guztira 42 pertsona itxaron zerrendan daude baliabide bat izateko Araban.

Gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonentzat zentro bat. (EH BILDU)

EH Bilduk salatu du Araban inoiz ez dela egon itxaronzerrendarik bazterketa egoeran dauden pertsonentzako foru baliabide bat eskuratzeko; baina, une honetan 42 pertsona daude plaza bat eskuratzeko zain. 

«2022an EAEn bizitegi bazterketa larrian dauden pertsonen egoerari buruzko VI. Ikerketak agerian utzi zuen egoera horretan zeuden pertsonen kopuruak gora egin zuela», gogorarazi dute EH Bildutik. Ildo horretan, koalizio abertzaleak jakinarazi duenez, itxaron zerrenda horretan dauden 42 pertsona horietatik, 3 emakumeak dira. Hain zuzen, ikerketaren arabera, Gasteiz da kalean bizi diren emakume gehien dituen EAEko hiria.

Bestalde, EH Bilduk gogoratu duenez, Arabako 2024-2030 Gizarte Zerbitzuen Mapa egin aurreko diagnostikoak adierazten zuen 2030erako proiekzioari aurre egiteko Arabak 64 egoitzatan eta 78 eguneko zentrotan defizita duela. Bide horretan, EH Bilduk kritikatu du Arabako gizarte bazterketaren argazkia «tristea» dela.

Urtaranen agerraldia

Egoera hori ikusita, EH Bilduk Gorka Urtaran Gizarte Politiketako foru diputatuaren agerraldia eskatu du, bere departamentuak egoera horri erantzuteko «hartu beharreko neurriak» azal ditzan.

Alderdi abertzalearen ustez, gaur egun Arabako Foru Aldundiak baliabide bakarra du (Besarkada Etxea) eta hamalau plaza baino ez daude bertan. Bestetik, gaineratu duenez, Abegian aurreikusitako baliabide berriak, beste 14 plazarekin, ez du balio «benetako beharrei erantzuteko». 

«Egiaztatu dugu gizarte bazterkeriari arreta emateko orduan defizit handia dagoela. Bai Gizarte Bazterkeriaren Balorazio Zerbitzuak baloratutako pertsonen kopurua, bai itxaron zerrendan daudenen kopurua izugarri hazi dira Araban eta, ondorioz, gero eta jende gehiago dago kalean. Argi dago baliabideak ez direla nahikoak», nabarmendu du Claudia Venceslao EH Bilduren Arabako Batzar Nagusietako batzarkideak.