Palestinar herriarekin elkartasunez, greba egin dute Ikasle Abertzaleek
Palestinari babesa adierazteko greba eguna deitu du ostegun honetan Ikasle Abertzaleakek Euskal Herrian eta mobilizazioak izan dira hainbat herri eta hiritan. Ehunka ikaslek parte hartu dute Iruñekoan, eta eserialdia egin dute nafar Parlamentauren aurrean, «Israelekin harremanak etetea eskatzeko».
Ikasle Abertzaleak erakundeak grebara deitu ditu ostegun honetan Euskal Herriko ikasleak eta mobilizazioak deitu ditu hemeretzi herri eta hiritan, «Israelgo Estatu sionista eta terroristaren genozidioa salatu eta boikoteatzeko asmoz». Iruñean, ehunka ikaslek parte hartu dute 12.00etan San Frantzizko plazatik abiatu den mobilizazioan. Nafarroako Parlamentuaren aurrean eserialdia egin dute ikasleek, eta Maria Chiviteren Gobernua «konplize» dela salatu eta Israelekin harremanak etetea eskatu dute.
Manifestazioak Iruñeko kaleak zeharkatu aurretik, bozeramaileek altu eta ozen salatu dute «ikasleok ez dugula genozidioa onartzen». «Ikasleok flotilla babesten dugu, ikasleok ez dugu Trumpen planean sinesten eta Palestina askatu nahi badugu, Israelen aurka borrokatu eta Israel suntsitu behar dugu», azpimarratu dute.
Hala, ezer baino lehen, «Ontzidiaren parte diren kideei» babesa adierazi diete, eta Palestinako egoera «orain arteko okerrena» dela salatu dute: «70.000 hildakotik gora, beste horrenbestez gosez hiltzen eta Israel Gazaren aurkako azken ofentsiba burutzen ari da».
Gainera, Trumpek aurkeztutako planak «baketik ezer» ez duela adierazi dute, «Gazaren okupazioa burutzeko eta palestinarrak kontzentrazio esparruetara bidali eta Gazan hotelak eraikitzeko plan kapitalista bat» baizik.
Horren aurrean, «mendabaldeko agintarien hipokresia» salatu dute ikasleek, «Palestinako Estatua onartzen duten bitartean», AEBen plan hori babesten dutelako. «EAJ, PSOE... aurpegi zuriketarik ez; bi estatuen konponbidea iruzur hutsa da eta badakizue. Palestinak bizirautea nahi baldin badugu, Israelen suntsipena aldarrikatu behar dugu», gehitu dute.
Bestalde, Palestinar erresistentzia defendatu dute ikasleek: «Palestinar herria guztiz desagertu ez bada, milaka palestianarrek estatu sionistaren aurka egindako borrokagatik izan da».
Eserialdia Parlamentuaren aurrean
San Frantzisko plazatik abiatu eta Iruñeko Alde Zaharreko kaleak zeharkatu ondoren, «Israelekin harremanak eten», «Ibaitik itsasora Palestina aurrera», «Israel hiltzaile, Europa laguntzaile» edota «Israel suntsitu, Palestina askatu» oihuen artean iritsi dira nafar Parlamentura.
Bertan, eserialdia egin dute ikasleek, zirkulazioa moztuz eta nafar Gobernua «konplize» dela salatu duten bitartean. ‘Israel suntsitu, Palestinar erresistentzia aurrera’ zioen pankartaren atzean eserita zeuden bitartean, Siriako jatetxe bateko langileek gozoak banatu dituzte elkartasuna adierazteko.
«Guzti honen aurrean, zer da egin behar duguna? Batetik, Israelen aurkako boikota egin behar dugu. Israelek, bere biziraupenarako, ezinbestekoak ditu instituzio edota enpresen babesa», adierazi dute ikasleek.
«Euskal Herrian adibide asko ditugu eta horiek guztiak seinalatu, presionatu eta boikoteatu behar ditugu. Bai, zuetaz ari gara, CAF, EHU, Eusko Jaurlaritza, BBVA, Nafar Gobernua.. zuek ere konplizeak zarete! Harremanak eten orain!», exijitu dute.