Altuna III.ak bere amarruak ongi ezkutatu eta Bakaikoaren hauspoa ezerezean utzi du
Jokin Altunak bigarren puntua eskuratu du Lau eta Erdiko txapelketan, Bakaikoa aise mendean hartuta (22-8). Bakaikoak, pasa den astean sekulako hauspoa erakutsita, amore eman behar izan du Amezketakoaren amarruen aurrean.
Ikusgarri jokatu du Jokin Altunak larunbat honetan, Eibarko Astelena pilotalekuan. Atano III.a pilotalekuan behar luke jokatu partidak, baina aurreikusita zegoen Sanseren norgehiagokak eragin zezakeen trafiko eragozpenak zirela-eta –azkenean bertan behera geratu zen futbol dema–, Asperen egoitzara lekualdatu zuten jaialdia.
Kontuak kontu, amezketarrak ligaxkako bigarren puntua eskuratu duela, ezker eskuak eskainitako distirak bultzatuta. «Ezkerrarekin asko asmatu dut. Eskuinarekin kostatzen ari zait oraindik ere baina ezkerrarekin jotako gehienetan min ematen niola ikusi dut, oso bizi aritu naiz», adierazi zuen amezketarrak berak ETBko mikrofonoetan.
Guztira, 18 tanto egin ditu, horietatik 13 airez, gehienak gantxoarekin. Datu oso esanguratsuak dira, Altunaren bertsio onenetakoaren parekoak. Kaiolako txapelketa oraindik ere ligaxkako fasean dago eta perspektiban hartu beharrekoak dira datuok, baina iaz finalerdietan kanporatua izan ostean, badirudi arantza kentzeko asmo –eta sentsazio– argiarekin dabilela. Gainera, bihar Beotibarren jokatuko den partidan, Jakak irabaziko balu, jada finalerdietan legoke Altuna III.a.
Bakaikoaren lehen partida ofiziala zen amezketarraren aurka: «Ez dit ezerk harritu. Lehendik ere banekien zer egiteko gai zen. Berari ez badiozu topera jokatzen ez du barkatzen eta gainera, txisparekin ikusi dut». Hasierako txispa, halere, nafarrak jarri du, Altuna III.a ondo behartuta (0-2). Zabalaren aurka 22-21 irabazi ostean, hauspoz beteta iristen zen Bakaikoa eta hasierako tantoetan ongi jokatu dio amezketarrari (2-4).
Errekurtso asko
Altuna III.ak, baina, ongi ezkutatutako amarruan harrapatu du Bakaikoa, gantxo ikusgarriak eskainita, eskua –eta intentzioak– ondo gordeta. 10-1eko partziala ezarri du Aspeko aurrelariak, sake errematean ondo engainatuta (12-5). Tartean, Bakaikoak partida eteteko beharra ere ikusi du (7-4), piloteoan gehiago asmatu du baina ezin izan zuen dinamika apurtu.
Lehen atsedenaldi luzetik bueltan, Amezketakoaren oldarraldia areagotu egin da eta Bakaikoak ere zenbait oparitxo egin dizkio (14-6an motz atera zuen nafarrak). Altuna III.aren ustetan gakoetako bat izan da sakea. Nahiz eta ez duen lortu sakez tantorik egitea, erabat behartu du Bakaikoa –atzean eta ezker paretean– eta horrek ahalbidetu dio sake errestoan bere magia guztia azaleratzea. «Bera ere apur bat deskolokatu egin da», esan du gipuzkoarrak. Eta normala deskolokatzea, Bakaikoak ondo egindakoari ere sekulako fruitua atera baitio: izan dejada batera behartuta iritsi eta zabalean tantoa egitea (11-5), izan gorputzarekin ongi engainatutako gantxoa (15-6), izan zabaletik zabalean utzitakoa (21-8)...
Bakaikoari errespetu handia ziola ere adierazi du eta horrek aldez aurretik alertaz jokatzera ere eraman duela, aurkaria gutxietsi gabe. Etxarri-Aranatzekoak erakutsi du bere gaitasuna, aldizka izan bada ere (15-7koan txokora ederki bota eta honen ostean hormabiko ederra egin du). «Piloteoan gustura» sentitu dela-eta, ilusioz ekingo dio ligaxkako azken partidari. Hau irabaztean finalerdietarako sailkapena ematea ere espero du nafarrak.
Bihar, Beotibarren
Tolosako Beotibarrek hartuko du ligaxkako bigarren jardunaldiko azken partida, zero punturekin dauden Zabala eta Peña II.aren artean. Tolosarraren garaipen batek Altuna finalerdietako kokatu lezake.