Arnasgunea, gogoetagunea, plaza... abiatzera doa lau eguneko festa
Erraz esaten da. 60 urte dira Durango euskal kulturgintzaren arnasgune bilakatu zenetik. Garai zailenetan ere tinko eutsi zion bere bideari Azokak eta jakin du kontsumo ohitura berriek behartutako bideetarantz iparrorratza bideratzen. Bi espazio berri dakartza: Atartea eta Berbagailua.
Landako Guneak ostiral honetan irekiko ditu ateak. Durangoko erdiguneko beste hainbat aretok ere hartuko ditu bisitariak lau eguneko Azokan.
Aurtengo zifrak ez dira nolanahikoak. 285 erakusmahai ipiniko dituzte 175 partaideen artean eta denera 1.026 nobedade izango dituzte zain bertaratzen direnek. Emanaldi eta aurkezpenei dagokienez, iaz baino 70 gehiago antolatu dira, guztira 293. Bi espazio berri ere gehitu dira mapara, Atartea edo Arte Ederren Plaza, Durangoko Museoan kokatuta; eta bestea, Berbagailua edo Postcasten Plaza, Madalenako ermitan ezarriko den plato batean kokatuko dena.
Plateruena antzokiak izan dituen gorabeherengatik falta sumatuta, indartu egin dira iluntze-gauetako kontzertuak.
Palestina jasaten ari den genozidioak zeharkatutako edizioa izango da, halabeharrez. Abenduaren 7an 14.00etan, orduerdiz, Azokak geldialdia egingo du.
Ilusionatuta eta gogotsu, Azokak aurten ekarriko duenaren gaineko kezka puntu batekin ere bai kasuren batean, aurkitu ditugu argitaleetxetako arduradunak. Enkontrurako, elkar trukerako, urteko uztari ikusgarritasuna emateko parada eskaintzen die argitaletxeei. Sokaren beste aldean, gogoko autoreak aurrez aurre ikusteko aukera, zuzenekoez gozatzekoa, hainbat alorretako gogoetak entzutekoa, hainbat besteak beste, hartzaileei.
«Espero dugu egun eder batzuk pasatzea. Idazleak sinatzera datoz eta Susaren inguruan biltzen den komunitatea elkartzeko aukera ematen digu», esan du Susa argitaletxeko editore Leire Lopez Ziluagak.
Izurriaren garai petralak gaindituta –«gure musika industrian blokeo momentua izan zen pandemiarena», gogoratu du Bidean Produkzioak-eko Lur Larrazak– nabarmena da izurriaren ondorengo urteotan Azokak izan duen goranzko joera.
Lanak izaten ditu Gerediaga Elkarteak eskariari leku egiten Landako Gunean. «Eskertzekoa da antolatzaileek egindako esfortzua eskaintza berriak sartzeko. Aurten bi espazio berri izango dira», azpimarratu du Andres Camio Jitu-k.
«Poztekoa da goranzko joera, bada zerbaiten seinale» Iñigo Satrustegi, Txalapartako editorearen iritziz. «Gure ekoizpenaren erakusleiho handia da Azoka. Bada mugimendua sortzaile berriena, proiektu anitzak egiteko gaitasuna dugu eta positiboa da hori», nabarmendu du Julen Agirrezabalagak. «Horrek esan nahi badu gehiago garela eta dibertsoagoa, pozgarria da», gaineratu du Lopez Ziluagak. «Lan guztiak Durangon zentralizatzen direnez, merezi baino kasu gutxiago egiten diegu talde hasi berriei. Pentsatu beharko litzateke nola lagundu proiektu txiki horiei», gaineratu du Larrazak.
Baikor ageri da Agirrezabalaga, nahiz datu kezkagarririk ere ikusten duen zerumugan. «Guk oso positiboki baloratzen dugu, irakurtzeko ohiturak gazteen artean gora egin duela. Baina hizkuntzari begiratuz ez da hain positiboa, izan ere ikusi dugu pandemiaz geroztik gazteleraz irakurtzeko ohiturak gora egin duela eta aldiz euskarazkoak behera. Badago gure sektorean erronka handi bat, komunitate horri erakusteko euskaraz, badela ekoizpen oparo bat, anitza, kalitatezkoa. Hori badela erakustea bada gure lan ildo estrategikoa sektore moduan». Ildo honetan, argigarria izango da seguruenik Siadecok Gerediaga Elkartearen enkarguz egin duen ikerketa soziolingustikoa, Azokan igandean aurkeztuko dena.
Denak datoz bat. Durangoko Azoka estrategikoa da euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen duten eragileentzat. «Azokako egunek asko suposatzen dute kulturari ematen diotelako leku bat urtean zehar nekez lortzen duguna. Gure kezketako bat ikusgarritasuna da. Euskaraz ekoizten dugu eta lehiatu behar dugu hizkuntza hegemonikoekin», adierazi du Agirrezabalagak.
Elkargune eta negozio
«Durangoko Azoka oso-oso garrantzitsua da. Festa handi bat izaten da. Egile, ilustratzaile, itzultzaile, argitaletxe, irakurle, kolaboratzaile... guztiok, hantxe elkartzen gara. Eta pozgarria da harremanak estutzea».
«Ezinbestekoa da, erraminta oso ona da euskal kulturgintzan egiten ari garena erakusteko», esan du Andoni Clavok, Baga Biga musika argitaletxeko ordezkariak.
«Gu argitaletxe txiki bat gara. Gure helburua da jendeak ezagutu ditzan gure taldeak. Elkargune puntu interesgarria da. Beste argitaletxeekin elkartu eta guztiok batera egon eta sentsazioak partekatzea interesgarria izaten da guretzako. Noski, ahal baldin bada ahalik eta salmenta gehien egin nahi dugu», dio Larrazak.
Azoka izanik, ezin diru kontuak alboratu. «Baita negozio aldetik ere, estrategikoa da. Ezin da ukatu, salmenten portzentaia polit bat Durangon ematen dela. Asko eskertzen dugu», adierazi du Gari Arzallusek, Erein eta Igela argitaletxeen kudeatzaileak.
Oasia
Azoka oasia da argitaletxeentzat. «Oasi horrek indarra ematen digu», esan du Elkarreko zuzendariak.
«Balio digu alderdi ekonomikorako, baita irakurleekin egoteko irakurleak sustatzeko ere. Guk helburua beteko genuke Durangotik irakurle berriak ateratzen baldin badira», dio Satrustegik, Txalapartako ordezkariak. Musikari dagokionean, kontsumo ohiturek gogor erasan dute sektorea.
«Denok dakigu sakeleko telefonorik gabe ez garela inor. Gure gorputzaren apendizea bihurtu da. Bertan daukagu lana, aisaldia... dena eta egun musikal entzuteko manerak asko aldatu dira. Baina gu ondo kokatuta gaude, jarraitzen dugu fisikoan ekoizpen zainduak saltzen eta nik uste dut publikoa baloratzen duela baita ere. Guk aurten somatu dugu salmentaren igoera igoera, ez dut esango handia edo txikia, baina beno, iaz baino baino gehiago saltzen ari gara aurten. Ea Durangon amaiera polita ematen diogun urteari», esan du Jitu-k.

Txanponak badu beste aldea ere. Behin lauzpabost egunetako oasia igarota, desertu bihurtzea urtean zehar. Hondarra besterik e inguruan. «Nik ez dut barita magikorik. Azoka ondo dago, baina hortik kanpo industria, euskalgintza , eta kulturgintza badago eta saiatu beharko ginateke babesten. Azokatik kanpo kasu gehiago egin beharko genioke kulturari, orokorrean», adierazi du Arrazak.
«Nik uste dut apustua izan behar dela euskal kulturak urte osoan plazak izatea», Ziluagaren iritzia. Azokez harago, beste formatu batzuren apustua egin daiteke bere esanetan. «Falta zaizkigu literatura aldizkariak, podcastak, topaguneak... Liburu aurkezpenak eta irakurle taldeak egiten dira eta azken hauetan ekimen piloa egiten dira eta baloratzea inportantea da. Baina literaturari buruz orohar pentsatzeko espazioak behar ditugu eta nik uste dut hortik ere joan beharko litzatekeela hazten literaturaren inguruko mundu hau», egin du gogoeta.
Urtean zehar azoka txikiak antolatzeko ahalegina egin da, baina egindako saiakeren emaitza ez da orekatua izan. «Ezin liteke esan urtean zer egindako azoken emaitza uniformea denik», dio Gari Arzallusek, Erein argitaletxeko kudeatzaileak. «Gerta liteke salmentetan ez, baina komunitatea sortzearen aldetik funtzionatzea. Adibidez, Ziburuko Azoka bada topagune inportantea Ipar Euskal Herrian eta guretzat oso inportantea da bertan egotea», adierazi du Susako Lopez Ziluagak.
Nafarroaren kasuan bertako Editore Elkartearen eskutik Edizio Azoka egiten da herriz herri urtean zehar. «Bilatu behar ditugu formula berriak kultura izan dadin erakargarria, heldu dadin herrietara, heldu dadin komunitatera beste bide batzuetatik ere. Hor daude irakurle taldeak eta uste dut horiek direla oraintxe bertan gure gure ekosistema honen eusle handienetako batzuk» Satrustegiren esanetan. «Gogoratu dezagun izugarrizko azokak dauzkagula urte osoan zehar liburu dendetan. Hortxe daude eta auzoko liburu dendak izaten dira askotan», gaineratu du Arzallusek.