INFO

Guardiako Udalean irregulartasunak salatu ditu EH Bilduk Fiskaltzan

Guardiako alkateak ustez dokumentua faltsutzeko delitua egin duela erakutsiko lukeen txostena aurkeztu du EH Bilduk Arabako Fiskaltzan. ADR elkartearen bileretara joaten zen horretarako izendapenik izan gabe, salatu dutenez.

Raul Garcia Ezquerro Guardiako alkateak balizko delitua egin zuela azaltzen duen txostena aurkeztu du EH Bilduk Fiskaltzan. (Endika PORTILLO | FOKU)

Guardiako EH Bildu udal taldeak txostena aurkeztu du Fiskaltzan, Arabako Udal honetan ustez egindako irregulartasunak jasoz. Zehazki, dokumentuak faltsutzearen balizko delitua litzateke; salaketan jasotzen denez, Raul Garcia Ezquerro alkateak (EAJ) Arabako Errioxako Landa Garapenerako Elkartearen (ADR) bileretan parte hartu du, Udala ordezkatuz, horretarako beharrezkoa den baimena izan gabe.

Angel Coca EH Bilduk Guardian duen ordezkariak adierazi duenez, legegintzaldi honetan «hainbat jarduera egiten ari dira alkatea eta haren gobernu taldea eta, pertsona edo talde politiko bakoitzak legez egin dezakeen balorazio politikoa alde batera utzita, uste dugu legeditik kanpo daudela eta delituzkoak izan daitezkeela».

Txostenean jasotzen denez, 2024ko abenduan Guardiako osoko bilkurak ADR elkartera atxikitzea erabaki zuen, baina ez zuen zehaztu nor izango zen ordezkaritza horretaz arduratuko zena. «Maiatzetik aurrera, gutxi gorabehera, alkatea zuzendaritza batzorde horretan parte hartzen hasi zen, Udalaren ordezkari gisa, nahiz eta osoko bilkurak ez zuen inolako ordezkaririk izendatu. ADRko zerbitzu teknikoek irregulartasun horren berri eman zuten, eta alkateak ziurtagiri bat aurkeztu zuen. Ziurtagiri horren arabera, ADRren aurrean Udalaren ordezkari izendatu zuten», azaldu du Cocak.

Ordezko idazkariak

EH Bilduk argudiatu du ziurtagiria ez duela Guardiako Udaleko idazkari kontu-hartzaileak sinatu, haren aldi baterako ordezkoak baizik. «Itxura guztien arabera, alkateak itxaron egin zuen gure idazkariak oporrak hartu arte, bere ordezkoari ziurtagiri hori egiteko eskatzeko. Ziurtagiri horretan osoko bilkuran hartu ez diren erabakiak jasotzen dira eta, beraz, ez da gertatutakoaren isla».

«Gure ustez, ziurtagiri honen baldintzak –alkatearen oniritzia du, legeak eskatzen duen bezala– ez dira akats baten ondorio; aitzitik, alkateak erabat doluz zuzendu eta eragindako jarduera bati erantzuten diote, eta helburu bakarra du: alkatea Arabako Errioxako ADRko ordezkari gisa auto-izendatzea, osoko bilkurari Udalaz gaindiko ordezkaritzak izendatzeko eskumena kenduz, horretarako gertaeren errealitatea faltsutuz, trafiko juridikoan zalantzarik gabeko eragina duen dokumentu publiko batean», azaldu du EH Bilduk.

Udako kontratazio bat ere susmopean

Honekin batera, EH Bilduk Udalaren ustezko iruzurrezko kontratazio baten berri ere eman du, udako hilabeteetan turismo bulegoa indartzeko zerbitzuarekin zerikusia duena. Kasu honetan ere, kontratua idazkari kontu-hartzailearen oporrak aprobetxatuz egin zen; izan ere, idazkariak aldez aurretik ohartarazi zuen ezin zela horrela kontratatu.

Kontratazioak erakunde publikoen kontratazioari buruzko hainbat lege eta araudi urratuko lituzke, bai lan kontratuko langileenak, bai kanpoko zerbitzuenak, eta horregatik eman dio horren berri EH Bilduk Arabako Fiskaltzari.