Naiz.info
Derio

Igor Gonzalez de Galdeano Euskaltel-Euskadiko manager izango da 2013tik aurrera

Tourrera abiatu aurreko ohiko ekitaldia egin du gaur Euskaltel-Euskadik Derion.

Euskalteleko txirrindulariak, gaur Derion, Tourrerantz abiatu aurretik. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Euskalteleko txirrindulariak, gaur Derion, Tourrerantz abiatu aurretik. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Igor Gonzalez de Galdeano Euskalteleko manager nagusi izango da 2013ko urtarriletik aurrera. Arabarrak sei urte eman zituen taldearen zuzendaritzan, arazo pertsonalak medio kargua utzi zuen arte.

Hala baieztatu du gaur Euskalteleko presidente Alberto Garcia Erauzkinek Derion. Bertan egin du txirrindulari taldeak, urteroko ohiturari jarraituz, Tourrera abiatu aurreko agur ekitaldia (larunbatean abiatuko da, Liejan).

Garcia Erauzkinek taldeare jarraipena bermatuta dagoela adierazi du eta «iraungintze datarik gabe». Hurrengo urtetik aurrera, adierazi du, orain 19 urte abiatutako proiektuaren «bigarren ziklo handiari» emango zaio hasiera.

Euskaltel-Euskadik bere izen osoa mantenduko duela ere baieztatu du, eta aurrerantzean helburu nagusiena «elitean lehian aritzea» izango dela esan du, «munduko azpiegiturarik onena duen harrobia» baliatuz.

Talde laranjaren aurrekontua «zazpi milioi baino handiagokoa izango da ziur», Garcia Erauzkinen arabera, eta euskal erakunde publikoen laguntza jasotzen jarraituko du.