NAIZ.INFO
DONOSTIA

Euskara interneten praktikatzeko Mintzanet tresna sortu dute

Euskara internet bidez binaka praktikatzeko Mintzanet egitasmoa aurkeztu dute gaur Donostiako Udalak eta Mara Mara Hizkuntza Zerbitzuak enpresak, Euskararen Egunaren harira.

Kontxita Beitia, Arantxa Kaltzada, Aizpea Goenaga eta Juan Karlos Izagirre, Mintzanet frogatzen. (DONOSTIAKO UDALA)
Kontxita Beitia, Arantxa Kaltzada, Aizpea Goenaga eta Juan Karlos Izagirre, Mintzanet frogatzen. (DONOSTIAKO UDALA)

Euskara internet bidez praktikatzeko Mintzanet tresna aurkeztu dute gaur Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek eta Mara Mara enpresako zuzendari Ritxi Lizartzak. Aizpea Goenaga Etxepare institutuko zuzendaria eta Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendaria ere bertan izan dira, bi erakunde horiek ere proiektuarekin bat egin baitute, baita Bagera euskara elkarteak ere. San Telmo museoan egin duten agerraldian, tresna hori nola erabili erakutsi dute.

Mintzanet egitasmoa euskara binaka praktikatzean datza, horretarako ordenagailu bat, skype programan sortutako kontu bat eta web kamera bat erabiliz. Pertsonetako bat euskara praktikatu nahi duen norbait izango da (bidelaria) eta bestea, euskara menderatzen duen norbait (bidelaguna). Aurretik, Mintzanet webgunean izena eman beharko dute.

Alkateak azaldu duenez, Mintzanetek hiru abantaila ditu: «egungo gizartean izugarrizko eragina eta hedatzeko ahalmena daukan plataforma batean oinarritzen dela, interneten; euskara praktikatuz jendea ezagutzeko eta ondo pasatzeko aukera ematen duela; eta hizlarien arteko hurbiltasun fisikorik eskatzen ez duenez, edozein tokitan eta edozein ordutan erabiltzeko aukera ematen duela».

Hori dela-eta, Euskal Herriko eta mundu osoko euskaldunentzat erabilgarri izatea espero du.