NAIZ
BILBO

Egun osoko bigarren greba «erabatekoa» dela nabarmendu dute Bizkaibuseko sindikatuek

Bizkaibuseko sindikatuek azpimarratu dute «erabateko» jarraipena izaten ari dela egun osoko bigarren lanuzteak eta Aldundiari «desagertua» egotea leporatu diote. Bi autobusi harriak bota dizkiotenez, foru erakundeak bertan behera utzi du ostiralean egin behar zuten bilera bat.

Asteleheneko greba egunean burututako mobilizazioa. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Asteleheneko greba egunean burututako mobilizazioa. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Joan den asteko lanuzte partzialen ondotik, 24 orduko grebak egiteari ekin diote Bizkaibuseko langileek. Astelehenean bezala, gaur ere egun osoko lanuztea egiten ari dira eta sindikatuek jarraipena «erabatekoa» izaten ari dela azpimarratu dute.

%30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu Lakuako Gobernuak.

Goizeko 11.00etan, langileek manifestazioa egin dute, Aldundiaren aurrean elkarretaratzea eginez bukatu dutena.

Hain zuzen, Bizkaiko foru erakundeari gatazka honetan «desagertuta» egotea kritikatu dute. «Enpresen eta langileen arteko arazoa dela erakutsi nahi dute, baina hiru aldetako gatazka da», nabarmendu dute.

Bestalde, Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi du bi autobusi harriak bota dizkiotela Zaratamo eta Arrigorriagan. Honen ondorioz, Aldundiak bertan behera utzi du biharko aurreikusita zegoen bilera, eta astelehenerako beste bat deitu du.

Lanuzte gehiago

Hilaren 13, 15, 17, 20, 21, 23 eta 24rako ere dituzte egun osoko grebak aurreikusita eta, gatazka konpondu ezean, 27tik aurrera greba mugagabeari hasiko dute.

Lanpostuak bermatzeko eta murrizketak bertan behera uzteko iaz lortutako akordioa bete ez izanak eragin ditu protestok.