@gara_olarretxea
Donostia

Leitzan ospatuko da Udalerri Euskaldunen Eguna, hilaren 28an

Jai giroan ospatuko den eguneko abestia aurkeztu dute goizean. ‘Euskara hauspotu’ izenburupean, UEMAk mende laurdenean egin duen lanaren aldarria da. Donostian ordezkariek aurreratu dutenez, hilaren 28an bertan mankomunitateak egingo duen biltzar orokorrean beste hiru herri sartuko dira sarean: Dima, Legorreta eta Ziortza-Bolibar.

Udalerri Euskaldunen Egunaren aurkezpena Donostian egin dute. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Udalerri Euskaldunen Egunaren aurkezpena Donostian egin dute. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Leitzan hilaren 28an ospatuko den Udalerri Euskaldunen Eguna ekitaldi herrikoia izango dela aurreratu dute UEMAko ordezkariek. Festa bai, jakina, baina aldarrikapenarekin uztartuko dutela adierazi dute, zehazki euskaraz bizitzeko nahia eta hizkuntza politika aurrerakoi baten beharraz ohartaraziz.

Ez da herri nafarrak anfitrioiarena egiten duen lehen aldia; aurrenekoz 1996.urtean egin zuen, orain hogei urte, baina oraingoan ere hitzordua «ilusio handiz» antolatu dutela nabarmendu du Mikel Zabaleta alkateak, herriko eragileak eta norbanakoak asko inplikatu direla adierazi baitu. Denen artean programa zabala antolatu dute: arnasguneen tailerra, herri kirolak, bazkari herrikoia, elektrotxaranga eta flashmob baten grabaketa. Ohar gisa, esan dute bazkarirako txartelak aldez aurretik erosi beharra direla, dela UEMA gunearen bidez, dela Leitzako tabernetan.

Kili Klon ekoizpen etxeak sortua, eguna alaituko duen abestia ere aurkeztu dute, ‘Euskara hauspotzen’ izenburua duena. Azken mende laurdenean gure hizkuntzaren alde UEMAk egin duen lanaren aldarria izateaz gain, euskaraz bizitzeko garrantziaz mintzatzen da.

Erakundearentzat lanerako eguna ere izango da maiatzaren 28a, mankomunitatea osatzen duten herriek batzar orokorra egiteko aprobetxatuko baitute jarduna. Bertan, hain justu, hiru herri gehiago txertatuko dituzte sarera. Gaur baieztatu dutenez, Dima, Ziortza-Bolibar eta Legorreta izango dira, hurrenez hurren.