NAIZ
BAIONA

Baionako AS errugbi taldeak «informazio gehigarria» eskuratu nahi du eraso sexisten inguruan

Baionako AS errugbi taldeko idazkariak Kazeta.eus-i adierazi dionez, «informazio gehigarria» eskuratu nahi dute Durangoko neska talde batek salatutako eraso sexisten inguruan. Azaldu duenez, gertakarien egunean jokalari guztiak ez zeuden Durangon eta ustez erasoetan parte hartu zutenen izenak jakin nahi dituzte zigortu ahal izateko.

Neska talde batek Durangon Baionako AS errugbi taldeko jolakari batzuengandik eraso sexistak jasan zituztela salatu ondotik, Durango Rugby (DRT) taldeak salaketa publiko egin du eta harremanak eten ditu talde lapurtarrarekin, azalpenak eskatu arren erantzunik ez duelako jaso, Juan Manuel Iriondo taldeko lehendakariak adierazi duenez.

ASB taldeko idazkariarekin hitz egin du Kazeta.eus agerkariak eta honek «urrunago joan eta informazio gehigarria» eskuratu nahi dutela azaldu du. «Izenak, adibidez, gure taldeko jendea zigortzeko», esan du.

Erasoak izan zirenean taldeko jokalariak ez zeudela Durangon nabarmendu du eta, ondorioz, ez dutela «arrazoirik jokalari guztiak zigortzeko, bi edo hiruren hutsegitearen ondorioz».

Jokalariak ez zeudela bakarrik eta entrenatzailea eta taldeko kudeatzaile bat haiekin zeudela erantsi du.

Auzia argitzeko Baionako taldeak DRTri bilera eskatu dio, Kazetari adierazi dionez.