Jon Ormazabal

Inor ez da gustura geratu arerioen materialarekin

Oinatz Bengoetxea oso gogor aritu da hautatzailearen lanaren aurka eta finaleko ikuskizuna kolokan egon daitekeela uste du, Irribarria eta Rezustaren pilotak biziegiak direlako

Asegarcekoek oso haserre amaitu zuten (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Asegarcekoek oso haserre amaitu zuten (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Aspaldi ez bezalako polemikarekin dator Binakako finala, egin berri den material aukeraketan inor ez delako arerioen pilotekin gustura geratu. Bere adierazpenetan gogorrenak Asegarcekoak izan dira, Kepa Peñagarikano hautatzailearen lana kolokan jartzeraino.

Leitzako aurrelariaren aburuz, askoz gehiago moztu dira pilota motelak biziak baino eta jasotako disgustuaren ostean finalerako ilusioa ere galdu du. «Oso haserre gaude, euren pilotak biziegiak dira eta gureak aldiz jokatzekoak. Uste genuen final bat izanda gehiago kontrolatuko zutela kontua baina ez da hala izan». Gainera, nabarmendu duenez, pilotak askoz gehiago bizituko dira partidak aurrera egiten duen heinean.

Mikel Larunbek argi dauka partida gehiena errebotearen inguruan pasa beharko duela eta uste du finala ikustera datozen zaleek ez dutela merezi «partida materialagatik hondatzea».

Aspekoen aldeko erantzuna ere azkarra izan da eta euren pilotak «lau koadro ibiltzen badira, Asegarcekoenak justu egiten dute koadro eta erdi». «Eurenak ez zaizkigu batere gustatu, motelegiak dira hau bezalako frontoi baterako». Beñat Rezustak, bere aldetik, nabarmendu du «materialaz gehitxo hitz egiten ari dela eta pena da honek finalari itzal egitea».

300 sarrera salgai

Material aukeraketak saltsa pixka bat jar dezakeen arren, sarreren salmenta beste finaletan baina mantsoago doala esan daiteke, Aspe eta Asegarcek aditzera eman dutenez, 300 bat sarrera geratzen baitira saltzeke.