Jon Martin garaile Segurako final-laurdenean

Jon Martin oiartzuarra, 673,5 puntu bilduta, nagusitu da Seguran jokatu den Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bigarren saioan eta finalaurrekoetarako txartela eskuratu du.

@gara_miantzi|SEGURA|30/09/2017 21:12
Jon-martin
Jon Martin, Seguran kantuan. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

710 entzulek goxatu dute Segurako pilotalekua, gaur final-laurdenarekin batera Bertso Eskolen Eguna ere ospatu duen herri ttiki ederrean, Seguran. Belarri guztiak Kataluniara zuzenduta dauden egun intentsootan, Jon Martinek l'Estacaren doinuan kantatu dio agurra herri arrebari. Felix Zubia katalanez ere ausartu da kartzelan, Carles Puigdemonten paperean. Saioa berotzen-berotzen joan da, finalean irakin arte.

Horrela gelditu da puntuazioa: 673,5 punturekin Jon Martin garaile, zuzenean finalerdietara; hurbil, 665,5 punturekin, Nerea Elustondo; 655,5ekin eta txinparta handiz Beñat Iguaran; dotore, 629,5ekin, Ander Fuentes Itturri; 620rekin Unai Gaztelumendi eta 594rekin Felix Zubia.

«Duela 20 urte inguru ehun minibertsolari geunden Seguran aterpetxean gertatzen zenari adi/ geroztik lagun bihurtu zaizkit orduko haurtxo ugari/ geroztik nabil kantari/ bertso bakoitza da sari/ helmuga ez da berbera baina bide bat dugu opari/ bertso onenak bota dizkiot eskoba baten kierrari». Horixe izan da Jon Martinen azken agurra.

Ariketa guztietan ibili da goian, baina hasieran bertan, Zortziko Handian iritsi da puntara, Beñat Iguaranekin. Astebururo elkarrekin bizikletan ibiltzera joaten diren bi lagun dira. Joan den asteburuan txirrindulari bat harrapatu zuten bihurgunetik pasatu berri dira.

«Bihurgunetan bihurgunea dagoen bihurriena/ lore sorta bat gogoratzeko pertsona baten azkena/ nahiz egun hartan askok ipini titularretan gorena/ zeinen aguro ximeltzen diren loreak ta oroimenak», hasi da oiartzuarra. Eta hala segitu dio villabonarrak: «Lehenago ere egin ditugu honelako mila saio/ loreak utzi atzean eta esana diegu aio/ hain poetiko ez zaitez jarri oraingoan Jon arraio/ toki askotan gertatzen dira istripua deitzen zaio».

Martinek dramatiko jarraitu du: «deskuido batek akabatzen du pertsona baten bizitza», eta hagitz txalotua izan da Iguaranen erantzuna: «Tranpolinetik neronek ere askotan egin det salto/ mendira igo irrista egin ai ene zenbat zartako/ istripu hauxe istripua da ta hola hartu beharko/ bestela askotan gure etxetik ez ginake aterako». «Guk gure martxan jarraitzea da omenaldirik onena» erranez borobildu du Villabonakoak bertsoaldia.

NOTICIAS RELACIONADAS