Urteko azken hilabetean langabeziak beheranzko joerari eutsi dio Hego Euskal Herrian, apal bada ere. Enplegu Ministerio espainolak gaur plazaratu dituen datuen arabera, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako enplegu bulegoetan 163.279 langabe zeuden erregistratuta, azaroan baino 235 gutxiago.
Herrialdeka, eboluzioa desberdina izan da. Nafarroan eta Gipuzkoan igo egin da langabe kopurua, eta Bizkaian eta Araban, aldiz gutxitu.
Nafarroan 35.732 pertsona zeuden lanik gabe abenduaren bukaeran, aurreko hilabetean baino 511 gehiago. %1,45 hazi da langabezia herrialde horretan.
Gipuzkoan igoera apalagoa izan da –%0,43koa, azaroan baino 146 langabe gehiago–. Guztira 33.972 zenbatu dituzte.
Bizkaian %1,04 jaitsi da langabezia abenduan. 72.936 langabe daude, aurreko hilabetean baino 763 gutxiago.
Araban, azkenik, jaitsiera %0,62koa izan da aurreko hilabetearekin alderatuta. 20.639 langabe zeuden erregistratuta, 129 gutxiago.
Azken hamabi hilabeteak
Azken urteko eboluzioari erreparatuz gero, beheranzko joera ere nabarmena da lau herrialdeetan –guztira 12.939 langabe gutxiago–. Nafarroan izan da jaitsierarik handiena, %10,77koa; Gipuzkoan, %8,10ekoa izan da beherakada; Araban, %6,74koa, eta Bizkaian %5,37koa.
Estatu espainolari dagokionez, 3.412.781 langabe zenbatu ditu Enplegu Ministerioak, 2008. urtetik kopururik baxuena.