naiz
BILBO

Etxean geratu dira euskal derbiko hiru puntuak (2-1)

Nagusi izan dira jokoan zuri-gorriak, eta nagusitasun horrek bere isla izan du markagailuan ere. Yulema Corres eta Maite Oroz izan dira golegileak, eta sailkapen nagusiko lehenengo postuaren borrokan jarraitzen dute lehoiek. Realaren gola Ane Etxezarretak egin du, partidua amaitzeko bost minuturen faltan.

Nagusi izan dira etxekoak derbian. (@AthleticClub)
Nagusi izan dira etxekoak derbian. (@AthleticClub)

Gabonetako atseden luzearen osteran zelaira itzuli dira euskal taldeak, lehenengo itzuliaren azken partida jokatzeko; partida berezia gainera: euskal derbia. Lezaman lehiatu dira aurrez-aurre Athletic eta Reala, eta etxean geratu dira hiru puntuak.

Nagusi izan dira etxekoak jokoan, eta horrek bere isla izan du markagailuan. 15. minutura heltzeko hiru aukera garbi izan ditu Athleticek, baina bikain aritu da Realaren atezaina, markagailuari hutsean eutsiz.

Baloi jabetza oso nabaria izan da etxekoen alde, eta Mariasun Quiñones atezainaren jardunak salbatu du Reala. Txuri-urdinak kontraerasora jokatzen ahalegindu dira, baina ez dira aukera garbirik sortzeko gai izan.

Horretan zirela, merezimendu osoz aurreratu ditu etxekoak markagailuan Yulema Corresek; 37. minutua zen. Atseden hartzetik bueltan traza berean jarraitu du neurketak. Zuri-gorriek jarraitu dute baloiaren jabetza izaten, baita aukerak sortzen ere. Iritsi behar zuen eta iritsi da etxekoen bigarrena ere: Maite Orozek egin du, 69. minutuan.

Bi eta huts markagailuan, azeleragailua zapaltzeari utzi eta erlaxatu egin dira etxekoak. Hala, eta neurketa amaitzeko bost minutu falta zirela, bi eta batekoa egin du Ane Etxezarretak. Realak, gainera, partida berdintzeko aukera izan du azken minutuan, baina Nahikariren jaurtiketa oso gutxigatik joan da kanpora.

Gisa honetan, Bartzelona eta Madrilgo Atletikori lehen postua lehiatzeko borrokan jarraitzen du Athleticek, eta atzerapausoa eman du Realak sailkapen nagusian postuak irabazteko bere jardunean.