NAIZ
GASTEIZ

Egitarau oparo eta anitz batekin ospatuko du Gasteizko Gaztetxeak 30. urteurrena

Ez da gauza makala 30 urte betetzea eta, urtemuga berezi hau behar bezala ospatzeko, egitarau oparo eta anitza prestatu du datozen hilabeteotarako Gasteizko Gaztetxeak.

Gasteizko Gaztetxearen 30. urteurrena ospatzeko prestatutakoen berri emateko agerraldia egin dute. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Gasteizko Gaztetxearen 30. urteurrena ospatzeko prestatutakoen berri emateko agerraldia egin dute. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Apirilaren 28an, 30 urte beteko dira apezpikoarena zen kotxeraren ateari ostikoa eman eta Gasteizko Gaztetxearen ibilbidea hasi zenetik. Ordutik, «Alde Zaharra piztu, berotu eta hankaz gora jartzen» ibili dira eta, datozen hilabeteotarako ere, urtemuga berezi hori aitzakia hartuta, egitarau oparoa prestatu dute.

Herri mugimenduko eragile desberdinen babesarekin aurkeztu du Gasteizko Gaztetxeak 30. urteurrenaren egitaraua.

Urte hauetan guztietan «espekulazioa okupazioaren bidez salatu» dutela nabarmendu dute, «gaur egun, atzo bezalaxe, etxebizitza eskubidea gutxi batzuk ordaindu dezaketen luxu atzeman ezina delako». 

Horregatik, hain zuzen, azpimarratu dute autogestioan oinarritutako proiektuen balioa.

Urtemugaren egitaraua bera ere elkarlanaren eredu da eta arlo zein borroka desberdinak landuko ditu datozen hilabeteotan zehar. Urtarrilaren 24tik 27ra, ekologismoaren txanda izango da eta, besteak beste, Zero Zabor, antiespezismoa edo bionekazaritza jorratuko dituzte.

Ondoren etorriko dira beste gai batzuk: otsailean gazte mugimendua, martxoan feminismoa, apirilean okupazioa eta autogestioa, maiatzean presoak, ekainean auzoa eta uztailean internazionalismoa. «Gai oso anitz eta ezberdinen inguruko hitzaldiak, kontzertuak, antzerkiak, mahai-inguruak edota filmak ikusteko aukera egongoda, ezagutzak partekatuz gozatzeko», azpimarratu dute.

Gainera, gogoratu dute, gaztetxearen urteurrenaz gain, Errekaleorrek bos urte betetzen dituela, Auzolana pilotalekuak 10 eta, Hala Bediren kasuan 35. urtemuga dutela. ‘Bihurri eta harro, súbete al carro’ lelopean dinamika bateratuak egingo dituzte eta, aurreratu dutenez, urriaren 6an ‘OkupaTU Gasteiz’ eguna ospatuko dute.