naiz
gasteiz

Frankismoan Gasteizen fusilatutakoak gogoratzeko lehen Memoriagunea inauguratu dute

Gasteizen frankismoaren biktimak gogora ekarriko dituen lehen Memoriagunea inauguratu dute. Santa Isabel hilerriaren kanpoaldean jarritako monolito bat izan da lau memoriaguneen artean lehena.

Santa Isabel hilerriaren kanpoaldean jarritako monolito bat izan da lau memoriaguneen artean lehena. (Jaizki FONTANEDA / ARGAZKI PRESS)
Santa Isabel hilerriaren kanpoaldean jarritako monolito bat izan da lau memoriaguneen artean lehena. (Jaizki FONTANEDA / ARGAZKI PRESS)

Frankismoaren garaian, 1936tik 1945era, gutxienez 33 pertsona fusilatu zituzten Gasteizko Santa Isabel hilerriko horman eta gaurtik aurrera monolito baten bitartez ekarriko dituzte gogora. Arabar hiriburan kokatuko dituzten lau memoriaguneen artean lehena izan da.

Udalak, hauen bitartez, «horma haien oroitzapena iraunarazteko lekua bihurtzea» du helburu, Memoria Historikoaren Planak jasotzen duenari jarraituz,.

Gasteizko Udaleko talde guztiek parte hartu dute ekitaldian. Gorka Urtaran izan da buru: «Hau da gure omenaldia beraien memoria eta beraien duintasuna berreskuratzeko eta justizia ere egiteko. Eskertu nahi diegu egin zuten lan guztia, batez ere demokrazia defendatzea gure hirian».

Beste memoriaguneak Sagrado Corazon eskolan, La Paz kalean espetxea zegoen tokian eta El Carmen komentuaren kanpoaldean kokatuko dira. Era berean, martxoaren 31an, Teodoro Gonzalez de Zarate alkatea fusilatu zuten egunean, Udaleko kideak zirenak gogoratuko dituzte.

Memoriaren alde lanean aritzen diren hainbat talde ez dira ados agertu Gorka Urtaranen politikekin, gogora ekarriz izen frankistak dituzten kaleen izenak aldatzearen kontra agertu dela. Era berean, Martxoak 3 elkarteak memoriaguneen proposamena «oso berandu» iritsi dela salatu zuen eta egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeen helburuei ez diela erantzuten salatu zuten.