@Ion_Salgado
GASTEIZ

Kontzertuak eta «Mobiduki» ikaragarria OkupaTU Gasteiz egunean, urriaren 6an

Urriaren 6an ospatuko da OkupaTU Gasteiz eguna. Urte berezi bati amaiera emateko jaia izango da, izan ere aurten Hala Bedik 35 urte bete ditu, Gaztetxeak 30 eta Auzolana Pilotalekuak hamar. Halaber, bost urte igaro dra Errekaleor okupatu zutenetik.

OkupaTU Gasteiz eguna aurkeztu dute gaur. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
OkupaTU Gasteiz eguna aurkeztu dute gaur. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Aurtengoa urte berezia da Gasteizen autogestioaren alde lan egiten duten mugimenduentzat. Hala Bedi Irratiak 35 urte bete ditu, Gaztetxeak 30 eta Auzolana Pilotalekuak hamar. Halaber, Errekaleor auzoa okupatu zenetik bost urte bete dira orain dela hiru egun eskas. Urteurrenak ospatzeko, aipatutako eragileek OkupaTU Gasteiz Eguna antolatu dute urriaren 6an.

«Urte guzti hauetan zehar, kontzertuak, tailerrak, hitzaldiak, partidak, emisio bereziak.... izan ditugu, baina kaleratze edo txapeo mehatxuak ere egon dira, azken adibidea, Errekaleor bera edo Auzolana Pilotalekua izanik. Urriaren 6an proiektu hauek bizi-bizirik daudela aldarrikatzeko eguna izango da eta horrelako mehatxu bat jasanez gero guztiok aurrean izango gaituzuela abisatzeko aukera», nabarmendu dute Xabi Martinez eta Dorleta Agirre gaur egindako agerraldian.

Bertan argi utzi dute urriaren 6ko eguna ez dela soilik aipatutako lau eragileen lana izango. «Gutxi gorabehera, 20 bat eragileren parte hartzea egongo da egunean bertan, modu zuzen zein ez zuzenean parte hartuz: tailerrak antolatze, herri azokan postua jartzen, bazkaria prestatzen.... Eragile hauek Hala Bedi, Gaztetxea, Auzolana eta Errekaleor elikatzen dute, guk geuk eragile hauek elikatzen ditugun bezala. Harro egoteko modukoa da Gasteizen duen herri mugimenduak.

Egitarauari dagokionez, eguneko ekimen nagusia, «Mobiduki» deitu dutena, 13.30ean izango da. Ostean bazkaria izango da Santa Maria katedralaren ondoan. «Helburua argia da: ehunka pertsona biltzea mahaiaren inguruan, eragile hauen barruan, pasadaz edo kanpoan egon diren belaunaldi ezberdinak herritar guztiokin bilduz», nabarmendu dute antolatzaileek.

Goizean zehar herri azoka antolatuko dute Kutxi kalean, eta umeentzako gunea Etxanobe plazan egongo da, eta gauean hiru taldek joko dute Aihotz plazan: Trikoma, Carrocerias Betoño eta Zea Mays. «Argi esan nahi dugu ez dugula inolako eraso sexistarik onartuko. Hori dela eta, Gasteizko eragile feministekin elkarlanean gaude edozein erasoaren aurrean nola jokatu jakiteko eta erasotzaileak gure espazioetan ongi etorriak ez direla argi uzteko», ohartarazi dute.