Mikel Zubimendi

Irabazlerik izango ez duen gerra totala lehertzear da Libian

Nazio Batuen bake egitasmoaren ezina ikusgarri eginda, Tripoli inguruko borroka latzek milizien unibertso bana biltzen dituzten bi aldeen arteko gerra odoltsu bat aurreratzen dute.

Misratako miliziak Tripoliko defentsarako prestakuntza lanetan. (Mahmud TURKIA /AFP)
Misratako miliziak Tripoliko defentsarako prestakuntza lanetan. (Mahmud TURKIA /AFP)

2011. urtetik dator botere hutsunea, Libiako ondasunen gose zen mendebaldeko koalizio inperial eta harrapakariak abiatu zuen gerraren ondotik. Gadafi hil eta Libiako estatu egiturak deuseztatu zituztenetik, zenbatu ezinak dira eman diren borrokaldiak, sortu diren miliziak, nazioarteko estatu askok bertan sortu dituzten aliantzak. Denak nahi dute pastelaren zatia, dirua, boterea eta denak denekin aliatu dira, denak denen kontra aritu dira borrokan, amaierarik ezagutu ez duen kiribil hilgarrian.

Oraingoan, baina, bi alde nabarmendu dira. Batetik, Nazio Batuen Erakundearen onarpena duen Adostasun Nazionaleko Gobernua, Fayez al-Serrajek gidatua, Tripolin kokatua, Libiako dirua, nazioarteko misio eta populazio gehiena biltzen duen hiriburua kontrolatzen duena. Bestetik, bere buruari Libiako Armada Nazionala izena eman diona, Gadafiren jeneral ohi eta AEBtan errefuxiatua egon zen Khalifa Haftar mariskalak zuzendurikoa, Benghazin kokatua, Libiako ekialdea eta hegoaldea kontrolatzen dituena.

Bi aldeen artean makina bat negoziazio egon dira, odol jarioa ekiditeko akordio baten inguruan aritu dira aurrez-aurre al-Serraj eta Haftar Arabiar Emirerri Batuetan duela hilabete batzuk eta herrialdea batuta mantenduko lukeen prozesu bat marraztu zuten ere. Hauteskunde batzuk aurreikusten ziren ere. Baina, alferrik. Antza, Libian hitzak soberan daude eta kanoiak mintzatzeko ordua iritsi da.

Duela egun batzuk Khalifak Tripoli konkistatzeko operazio militarra deitu zuenetik, milizien eta islamisten aurkako neurria bezala salduz, presazko mezu trukaketak egon diren arren, azkenean, badirudi dena gudu zelaian definituko dela. Atzo bertan, al-Serrajek telebistan eman zuen mezuan «Tripolin erresistentzia egitera» deitu zituen bere jarraitzaileak, eta Khalifaren indarrak «beren erasoaren neurriko erantzuna» topatuko zutela hitzeman zuen.

Berehala bertaratu ziren hiriburuaren defentsarako Misrata eta Zawiyako milizia boteretsuak eta dena prest dute Khalifaren 25.000 soldaduren indarrari aurre egiteko. Bi aldeek dituzte nazioarteko lagun boteretsuak, biak hegazkin militarrak, biak ikusten dituzte beste aldekoak mehatxu existentzial bezala, eta biak dira prest gerra totalerako.

Esan bezala, borroka latzak lehertu dira Tripoli inguruan eta gatazka orokor eta odoltsua erabat lehertu liteke datozen egunetan. Biek badakite Libia gobernatzerik ez dutela Tripoli kontrolatzen ez badute eta biak ari dira errepikatzen ez dutela amore emango.

Su-etenetarako aukera urrundua, gerrarako prestakuntzak aurreratuta, mendebaldeko koalizioak abiatu zuen gerra ilegal harek infernuaren ateak ireki dizkio Libiari, betirako. Tripoliko jendea, odolusteko beldur, lagundu! lagundu! ari da deiadar egiten. Baina munduak ez du erantzun nahi, ez du kezka berezirik adierazi gerren bilduman beste bat hartzeko. Eta, atzeko atetik, botere eta herrialde ezberdinak ari dira, berriz ere, temati, arma eta babes logistikoaren forman, su horri egur berria botatzen.