Ahanzturaren aurkako musika: Martxoaren 3koa gogoratzeko 50 abesti
1976ko martxoaren 3an, Gasteizko sarraskiaren berri izan ondoren, Lluis Llachek ‘Campanades a morts’ abestia sortu zuen sentitzen zuen amorrua erakusteko. Ordutik 49 abesti gehiago egin dira bost langileen hilketa salatzeko. Hona hemen ahanzturaren aurkako abesti batzuk.

Duela 50 urte, 1976ko martxoaren 3an, Espainiako Poliziak bost langile erail zituen Gasteizko Zaramaga auzoan. Egun horretan bertan Lluis Llachek aski ezaguna den ‘Campanades a morts’ abestia sortu zuen. Hala zioen: «Assassins de raons, de vides, que mai no tingueu repòs en cap dels vostres dies i que en la mort us persegueixin les nostres memòries». («Arrazoi eta bizien hiltzaileak, atsedenik ez izan inoiz, egun bakar batean ere, eta hiltzeko unean ere gure oroimenak atzetik izan ditzazuen»).
«Berria entzun nuenean amorrua sentitu nuen eta abestiaren lehenengo konpasak egin nituen», azaldu zuen duela sei urte Llackek berak Radio Vitoriari eskainitako elkarrizketa batean. «Franco hilda zegoenean eta erregimena irekitzea espero genuen une batean, frankismoaren azken hatsek indarkeria bera erabiltzeak eragiten zuen amorrua azaltzen saiatu nintzen», gaineratu zuen.
Ordutik hona abeslari askok salatu dute Gasteizko sarraskia. Izan ere, jada 50 abesti egin dira Martxoaren 3ko biktimak gogoratzeko. Azkenak ‘Am3ts Berriak’ du izena, Karmele Jaiok eta Idoia Asurmendik eginda.
Idazle gasteiztarrak otsailaren 5ean egindako aurkezpenean aitortu zuenez, Llachen abestia kontuan izan zuen letra idazterakoan. «Kanta hori min kolektiboaren adierazpena izan zen, eta 50 urte igarota nahi nuen abestia itxaropen kolektiboaren adierazpena izatea. Heriotza iragartzen zuten kanpai horiek bihurtu dira bizitza iragartzen duten kanpaiak», adierazi zuen.
Llach eta Jaioren abestiez gain 48 kanta egin dira gutxienez, estilo ezberdinetakoak, 1976ko hura gogoan hartuta. Pepe Taranto Moron flamenko-kantariak kopla bat eskaini zien Gasteizko langileei. Eta gauza bera egin zuten Gorka Knorrek, Juango Urangak, Sabin Salaberrik, A Tempok, Adebanek, Koskak, Zaramak, Harlemek, The Lutok, Miel de Hielek, Kuraiak, Mossin Nagantek, Betagarrik, Uraitz Soubiesek, Silikonayk, Xuorumek, Hachazok, Rockainak, El Trono de Judasek eta Ze Esatek! taldeak, beste beste.
Halaber, Los Chicos del Maiz, Habeas Corpus, More Too, Oliba Gorriak, Resaca Jackson, Kike Cosgaya & José Blanco, Soziedad Alkoholika, Kodigo Norte, Acera, Inurri Gorri, Giante, Errekaleor Bizirik!, Azken Hatsa, M.D.Man, Jon Garai, Republica del Miedo, Handicap eta El Callejon de Cachan taldeak batu dira oroimen ariketa honetara.
Eta astearte honetako mobilizazioaren amaieran Resu Ansorenak (Koiuntura + arte) egindako abestia joko dute. Alberto Friasek idatzi du letra. ‘Cada 3 de Marzo’ du izena. Memoria bizirik mantentzeko abestia da. Ahanzturaren aurkako musika.

Ahanzturaren aurkako musika: Martxoaren 3koa gogoratzeko 50 abesti

El Comité de Vacunas describe fallos de sistema en Osakidetza, no solo errores

La denuncia de Tomás García: tres meses a la espera de una cirugía oncológica en Osakidetza

Hiperconexión digital: la crisis en salud mental «tiene rostro de niña»

