«Eraso kapitalistari erantzun soziala» eman asmoz, Kapitalari Planto plataforma aurkeztu dute

Euskal Herriak Kapitalari Planto! plataforma aurkeztu dute Bilbon, «jasaten ari garen eraso kapitalistari erantzun soziala» eman asmoz.

naiz|22/05/2019 11:43
Kapitalari_planto
Euskal Herriak Kapitalari Planto! plataforma aurkeztu dute Bilbon. (FOKU)

«Bizitzaren, guztion ongizatearen eta burujabetzaren alde eta kapitalaren barneratzearen adierazpen nagusien aurkako salaketa eta herri mobilizazioa koordinatu, artikulatu eta areagotzeko apustua egin nahi dugu», adierazi du Euskal Herriak Kapitalari Planto! plataformak bere manifestuan.

Hezkuntza, osasuna, ura, energia, lurra, zaintza, erosketa publikoa, inbertsioak, merkataritza digitala edo berrikuntza ere «negozioa» izatea kritikatu dute. «Guztia da merkataritzarako bideragarria».

Honen aurrean, Euskal Herrian nahiz mundu osoan euskal korporazioen etaginen inguruko jarraipena egingo dutela iragarri dute eta, bide horretan, mobilizazioak bideratu. «Askotan, interes orokorraren aurka, gure lurraldean instituzioek jarritako alfonbra gorriarekin ezartzen diren transnazionalen jarduerak aztertuko ditugu», gehitu dute.

Era berean, «gehiengo sozialaren ongizatea mehatxatzen duten politika publikoak» aztertuko dituzte. Hala, pribatizazio prozedurak, enpresa handien sarrera, zerga politika edo enpresen nazioartekotasuna jarriko dituzte mahai gainean. Eta helburu berarekin, Mundu Merkataritzako Erakundea, Banku Mundiala, Nazioarteko Diru Funtsa, G-20, G-7 eta Europar Batasunaren pausoak jarraituko dituzte. «Mobilizazioa eta salaketaren bitartez, hauek guztiak erausten lagunduko dugu Euskal Herritik».